[Galeria] Indarkeria matxistak aurten eraildako bost emakumeak irudikatu ditu M8 Asanblada Feministak
Performancea egin du gaur iluntzean, Zabaltza plazaren parean, M8 Asanblada Feministak. Indarkeria matxistak, gaur gaurkoz, erail dituen 5 emakumeak ekarri dituzte kalera, eta ez direla zenbakiak, izen abizena duten biktimak baizik aldarrikatu dute.
M8 Asanblada Feministak deituta performance bat egin dute Zabaltza plazaren parean, eta goizean lehen aldiz elkarretaratze bat egin zuten hiriko DBHko bost zentro publikoek elkarrekin, esteka honetan ikusgai.
Beltzez eta gorriz jantzita, eta kandela banarekin agertu dira indarkeria matxista salatzeko eta nazkatuta daudela oihukatzeko. Denbora aurrera joan den heinean, banan banan, lurrera erori dira bost emakume, aurten Euskal Herrian erail dituzten emakumeak irudikatuz.
Amaieran irakurri duten adierazpenean ez dutela minutu bateko isilune gehiago nahi aldarrikatu dute, eta indarkeriazko jarreren aurrean nahikoa dela esatea “denon erantzukizuna” dela nabarmendu dute.