Maker Bidasoa topaketa egingo da, sortzaileak bultzatzeko helburuarekin
3D inprimagailuez, joko demoez edota errealitate areagotuaz disfrutatzeko aukera eskainiko da, Bidasoa Bizirik agentziak antolatu dituen jardunaldi hauetan.
Bidasoa bizirik-ek Irungo eta Hondarribiko udalen laguntzarekin, Maker Bidasoa topaketa antolatu du Irun Factoryn abenduaren 18rako. 2019an egin zen Bidasoa Maker Day-ren formatu murriztu bat da, pandemia egoerari egokitutakoa.
Eskualdeko sortzaileek eta Egin zuk zeu gisa euren burua identifikatzen dutenei zuzendutako jardunaldiak dira. Bi ordu iraungo du 11:00etan hasita, eta 3D inprimagailuez, joko demoez edota errealitate areagotuko liburuen erakusketaz disfrutatzeko aukera izango da.
Bidasoko sortzaileek egindako lanen lagin txiki bat ikusgai egongo da, eta beraien kabuz sortzen dutenek sormen apur batekin zer egin daitekeen erakutsiko dute. Esate baterako, apaingarri txikiak, lore ontziak edo etxeko eskanerrak.
Gainera, Egin zuk zeu profila dutenek, hainbat gairen inguruko erronkak ebatzi ahal izango dituzte ere. Adibidez, gadget bat diseinatzea, hanka hautsi bat duten altzariak konpontzeko edo mugikortasun murriztua duten pertsonei bizitza erraztuko dieten tresna txikiak.
Jardunaldia sortzaileen hitzaldiek itxiko dute. Angel Alonsok garatzen ari den Realistic Comic-Style Character Designer 3D diseinu errealista proiektua zein fasetan dagoen azalduko du, eta Sara Sanchezek errealitate areagotuaren etorkizunari buruz ariko da.
Bestalde, aurten Caser Betharram izango da gonbidatu berezia, eta Iñaki Peña ordezkariak azaldu du “erronka funtzionalak eta egungo inguruabarretara egokitutakoak” proposatuko dizkietela sortzaileei, “zentroan ditugun beharrak asetzeko, ez bakarrik mugikortasunari dagokionez, baita langileei laguntzeko ere”.
Joan ahal izateko izena eman beharra dago Bidasoa bizirik-en orrialdean, 943 50 96 00 telefonora deituta edo mezu bat bidalita. Programa osoa agentziaren orrialdean topa daiteke, eta izena ematerakoan zehaztu egin beharko dute zertan parte hartu nahi den.