Euskaraz ikasteko Lannahi programaren bigarren deialdia zabalduko dute
Euskara doan ikasteko ikastaroa da Lannahi, eta langabezian edo lanaldi erdia baino gutxiagoan daudenei zuzenduta dago.
Lannahi programaren bigarren deialdia abian jarriko du udalak. Langabezian daudenei edo %50etik beherako lanaldia dutenei zuzendutako Udal Euskaltegian euskara doan ikasteko ikastaroa da, eta urtarrilaren 10an hasi eta apirilaren 13an amaituko da.
Guztira bost txanda eskainiko dituzte ikasturte honetan, hiru kurtsoan zehar eta bi udan. Ikasturtean zehar goizetan parte hartzeko izena ematen dutenek, 4 orduko saioak izango dituzte eta arratsaldetan doazenek, aldiz, 3 ordukoak. Udarako klaseek 4 ordu iraungo dituzte.
Ikastaroa doakoa izan dadin baldintza hauek bete beharko dira: Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatua egotea, langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.
Baldintza horiek ez badira betetzen, matrikula ordaindu beharko da. Hala ere, ordaindutako kopurua udalak urtero esleitzen dituen beken bidez berreskuratzeko aukera eskainiko dute.
Izen emateko epea azaroaren 29an zabaldu eta abenduaren 9an itxiko da. Horretarako, HAZ zerbitzura jo beharko dute interesdunek Irun txaratelarekin. Eskaeraz gain, maila zein den jakiteko proba bat egin beharko da, aurretik Euskaltegian aritu direnek izan ezik. Horretarako, hitzordua eskatu behar da 943 50 52 73 zenbakira deituta.