'Jakinarazi iristen zarenean', Asun Casasola Ipuin Lehiaketako aurtengo gaia
Aurtengo edizioak erreferentzia egingo dio gauez neskek etxeratzean pasatzen duten beldurrari, behin iritsitakoan abisatu beharra daukatela salatuz.
Asun Casasola Ipuin Lehiaketa martxan da. Zazpigarren edizio honetan Jakinarazi iristen zarenean gaia proposatu dute antolatzaileek. Modu horretara, erreferentzia egingo diote neskek etxeratzean pasatzen duten beldurrari.
Aurkezpenean izan dira Oihana Llorente, Joana Otxoteko antolatzaileak eta Asun Casasola bera, Oiasso Museoaren atarian.
Llorentek azaldu duenez, erasoen gehiengoa etxe barruan gertatzen diren arren, “oraindik emakumeen artean ohikoegia da abisatu behar izatea”. Zentzu horretan, kaleak emakumeentzat espazio seguruak izan behar direla eta modu librean ibiltzeko eskubidea aldarrikatu du. Azken finean, egoera hori desnormalizatzeko beharra ikusi dute antolatzaileek.
Asun Casasolak eskertuta agertu da beste urte batez lehiaketa antolatu dutelako, eta babesten jarraituko duela nabarmendu du, “indarkeria honek ezin baitu gehiago jarraitu”. Guztiak “elkartuz eta kalera aterata” aurre egin behar zaiola adierazi du, eta nesken ahalduntzea ere balioan jarri du.
Oinarriak
Beste urteetan bezala, lau kategoria izango dira: helduena (euskaraz nahiz gaztelaniaz) eta gazteena (euskaraz nahiz gaztelaniaz). Gazteen kategoria 10 eta 16 urte artekoentzat da. Helduen irabazleak 300 euroko saria eramango du, eta 50 euroko balioa duten liburu paketea; eta gazteen irabazleak, berriz, 100 euroko saria eta 50 euroko balioa duen liburu paketea.
Epaimahaia emakumez osatuta egongo da. Helduen arloan, euskaraz, Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain izango dira epaileak; gaztelaniaz, berriz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen arloan, berriz, euskaraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez; gaztelaniaz, berriz, Noelia Lorenzo, Maite Bergara eta Naroa Gonzalez.
Lanak bihartik aurrera, posta elektronikoz (asuncasasolaipuina@gmail.com) edo posta arruntez (BDS Koop Aixin Zolua ibilbidea, 5, 20340 Irun, Gipuzkoa) bidali ahal izango dira ipuinak. Informazio gehiago asuncasasolaipuinak.eus atarian.