[Galeria] Aski dela oihukatu zuten Bidasoa ibaiaren gainean
Migrazio seguru baten alde ehunka herritar elkartu ziren iluntzean, Santiago zubian. Erakundeei "benetako harrera politikak" egin ditzaten eskatu zieten, eta Irun eta Hendaia artean ez dagoela mugarik, kontrol arrazistak direla salatu zuten.
Atzo, iluntzean, Santiago zubian, eta Irungo Harrera Sareak eta Ipar Euskal Herriko harrera taldeek deituta, omenaldia egin zuten larunbatean Bidasoa ibaia gurutzatzen hil zen migratzailearen oroimenez. Zubiaren bi aldetatik joan ziren herritarrak kandelak eskutan zituztelarik, eta bat egin zuten Polizia frantsesak ezarrita daukan kontrolera iristean.
Ez zen aldarririk falta izan, eta igandean egindako elkarretaratzean eskatu bezala, “benetako harrera politikak” eskatu zituzten, eta hori bete ezean migratzaileak “beharrezkoak ez diren arriskuak hartzera” bultzatzen ari direla deitoratu zuten. Gainera, elkartzera zihoazela, aski dela eta “Mugarik ez, Euskal Herrian” oihukatu zuten, eta beste behin, “kontrol arrazistak” daudela salatu zuten.
Ekitaldia amaitzeko Irunerako noranzkoan doan errepidea moztu, eta mikrofonoa ireki zuten hitz egin nahi zuten herritarrentzat. Orduan, gizon batek azaldu zuen, Afrikako baliabideak lapurtzen jarraitzen dituzten bitartean, behartutako migrazioak aurrera jarraituko duela.
Gorpua ez dutela oraindik identifikatu dio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak, baina jakinarazi dutenez Boli Kostatik iritsi zen gizona eta 38 urte zituen.