Santa Zezilia egunean Kontserbatorioko Orkestrak joko du, eta diploma banaketa egingo da
Hiru kontzertu eskainiko ditu Kontserbatorioko Orkestrak, ikasle ohiak izan diren Nahikari Villoria eta Iñaki Etxepare solistak izango dira gonbidatu gisa.
Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna, ospatuko dute jaialdi baten bueltan Kontserbatorioak eta Musika Eskolak bihar, Amaia KZn, 19:30ean. Honetaz gain, aurreko ikasturtean Maila Profesionaleko Kontserbatorioan, Balletean eta Musika Eskolan nabarmendu ziren ikasleei diplomak banatuko dizkiete.
Kontzertua Kontserbatorioko Orkestrak eskainiko du, Iñaki Etxepareren zuzendaritzapean. Gainera, haiekin batera arituko dira solista lanetan bi ikasle ohi: Nahikari Villoria biolontxelo jolea eta Javier Etxepare Porte kontrabaxu jolea.
Kontserbatorioko presidentea den Santi Jimenezek jaialdia garrantzitsua dela nabarmendu du, eta Kontserbatorioaren lana aintzat hartu eta zoriondu egin ditu irakasle eta ikasleak: “Irakasleentzat eta ikasleentzat ikasturte bakoitza aurrera ateratzeak esfortzu handia eskatzen du, eta horregatik merezi dute gure esker ona eta zorionak”.
Guztira hiru kontzertu joko dituzte, hain zuzen ere, Haydn-en biolontxelorako eta orkestrarako kontzertua DoM-en, Koussevitzky-ren Bass Concerto op.3 eta J.S. Bach-en Brandenburgoko kontzertua.