Haurrentzako antzerkia eta 'Zure abenturaren bila'-ren saio berri bat, Amaia KZn
Azaroko agendaren azken hitzorduak aste honetan, Amaia KZn: 'Perez sagutxoa, benetako jatorria' eta 'Zure abenturaren bila'.
Azaroko agenda kulturala bere amaierara iristen ari da, eta larunbat honetan, Perez sagutxoa, benetako jatorria antzezlana eskainiko du Glu Glu antzerki konpainiak, Amaia KZn, 17:00etatik aurrera. Sarreraren prezioa 4,50 eurokoa da.
Istorio klasiko honen ardatza zaintza izango dela azaldu dute antolatzaileek. Ahulenen edota adinekoen eta haurren zaintza, alegia. Horretarako, komedia, dantza eta abestiak uztartuko dituzte.
Zure abenturaren bila-ren beste saio bat ere egingo da, ostegun honetan, 19:30ean, ohi moduan Amaia KZn. Cyclotherapy: Érase una vez un sueño. 9 años viajando por el mundo en bicicleta ikus-entzunezkoa eskainiko dute, eta bertan izango dira Evelin Heuschreckek eta Aitor Galdós protagonistak. Bertaratzeko gonbidapena lortu beharko da, ateak ireki baino 30 minutu lehenago.
Kanbodian ezagutu zuten elkar txirrindulariek, eta batera 92.000 km egin zituzten 55 herrialdetan zehar ia hamar urtez, 2009 eta 2018 artean. Diru gutxirekin ikusi zutena eta eguneroko bizitza nolakoa zen kontatuko dute aurkezpenean.