Lapitze berrurbanizatzeko proiektua, 2022ko aurrekontuetan sartzeko galdegin du EAJk
Proiektua egiteko 1,5 milioi euroko aurrekontua onartuta dagoela azaldu du EAJren udal taldeak, eta bi urtetan egingarria dela argudiatu dute. Horretarako, 2022ko aurrekontuetan sar dezaten plana galdegin dute.
Lapitze kalea eta haren ingurua berrurbanizatzeko eskaera egin du EAJk. Auzoko kale horiek eraiki zituztenetik ez dela inolako lanik egin azaldu dute, eta gainera, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatearen txostenen arabera, euri uren eta ur beltzen hornidura eta saneamendua kaltetuta daudela adierazi dute.
Irailean Elitxu auzo elkarteak mozio bat aurkeztu zuen Udalbatzan, berriz ere Lapitzeko kale horien berrurbanizazio plana martxan jarri zedin eskatzeko. Atzera bota zuten mozioa lau arrazoiengatik, baina auzo elkarteak “banan-banan” aurre egin ziela arrazoiei uste dute jeltzaleek.
Proiektua idatzita dagoela, eta guztira 1,5 milioi euroko aurrekontua bideratu dituztela lan horiek egiteko dio udal taldeak. Zehazki, 2020ko aurrekontuan 640.000 euroko partida onartu zen, eta lehenagotik, 10.000 euro zeuden proiektuari zuzenduta. EAJk harridura adierazi du esanez sozialistek hauteskunde programan jaso zutela plana, baina salatu dute hilabete ondoren koalizio gobernuaren programatik kendu izana.
2022ko aurrekontuei begira lanean ari direnez, Lapitze proiektua sar dezaten galdegin dute. Bizilagunek urte asko daramatzatela lan hauen esperoan gogorarazi dute, eta egingarria dela defendatuz amaitu dute: “Partida ekonomikoa bi urtetan banatu daiteke, eta horrela, proiektua agintaldi honetan gauzatu ahalko litzateke”.