Osakidetzari bloke kirurgikoari buruzko zalantzak argitzeko eskatu dio Irungo bozeramaileen batzordeak
Aho batez onartutako adierazpen instituzionalean, Osakidetzari galdegin dio zergatik aukeratu duen horrelako proiektu bat, jakinda horren ondorioz ebakuntzak Onkologikoan egin beharko direla denboraldi batean.
Adierazpen instituzionala onartu du, gaur, aho batez Irungo bozeramaileen batzordeak Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoan egitekoak diren lanak direla eta. Bozeramailearen batzordea “kezkatuta” azaldu da komunikabideetan gaiaren inguruan zer esaten den ikusita, batetik, informazio ezarengatik, eta, bestetik, langile eta herritarren artean eztabaida publikoa piztu delako.
Gauzak horrela, Osakidetzari bloke kirurgikoari buruzko zalantzak argitzeko eskatu dio: “Galderak eta zalantzak sortu dira, eta gure herritarren osasuna oso gai sentikorra denez, erantzun egin behar zaie; eta, gure iritziz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradun nagusiek bakarrik eman ditzakete
erantzun horiek”.
Bozeramaileen batzordea bat dator Bidasoa Ospitaleko instalazioetan inbertitu eta bloke kirurgikoa modernizatzearekin, baina, era berean, Osakidetzari galdegin dio ea zergatik aukeratu duen horrelako proiektu bat, jakinda horren ondorioz ebakuntzak Donostiako Onkologikoan egin beharko direla denboraldi batean.
Horrez gain, “urrats bat gehiago” egin, eta osasun zerbitzuek datozen urteetan behar dituzten hobekuntzetan sakontzeko beharra ikusi du, eta horren barruan kokatu dute Oinaurren eremuan egingo dute Irungo hirugarren anbulatorioa, “denbora asko daramagu hirugarren anbulatorio horren zain, eta uste dugu ezin dela gehiago atzeratu”.
Hona hemen adierazpen instituzionala osorik: Adierazpen instituzionala Bidasoa Ospitalea.