LABek migratzailearen heriotzaren zuzen eta zeharkako erantzuleak aipatu ditu
Migrazio politika arrazistek hil egiten dutela salatu du LAB Sindikatuak, eta bat egingo dute gaur Santiago zubitik abiatuko den giza katearekin.
Larunbatean Bidasoa ibaia gurutzatzen hil zen gazte migratzailearen heriotza ez dela “istripu isolatua” izan, eta “maizegi” gertatzen dela dio LAB sindikatuak. Erantzuleak aipatu dituzte: “Migrazio politika, mugen militarizazioa, pertsonen zirkulazio askerako giza eskubidearen urraketa, etnia eta arraza profilaren araberako kontrol selektiboak, beroan egindako itzulketak eta Espainiako estatuko atzerritartasun legea dira egoera honetako erantzule zuzen eta zeharkakoak”.
Ipar Euskal Herriko administrazioarekin batera, migrazioan biktima gehiago saihestea eskatu, eta Babes Europa arbuiatu eta salatu dituzte: “Milaka langile migratu eta arrazializatuen oinarrizko eskubideak ustiatzen eta urratzen dituen bitartean, politika hiltzaile eta zigorgabe baten esku uzten dituelako”.
Gaur bat egingo dute Irungo Harrera Sareak deitutako giza katearekin, eta migrazio politika arrazistek hil egiten dutela aldarrikatu dute, Santiago zubian, 19:00etan.