[Elkarrizketa] "Bakoitzaren ardura mahai gainean jarri behar da"
Harrera Sareko kidearen esanetan, migrazio politikak aldatzea ez dago bertako erakundeen esku, baina bai, ordea, Irunen harrera duina ematea.
Abisatu zenuten behin eta berriro, eta azkenean berriro gertatu da. Zein sentsaziorekin geratu zarete?
Beste kolpe bat. Gorputz txarrarekin geratu gara. Okerrago, gainera, abisatua zegoenean; ikusten ari ginen hau gertatu behar zela. Jendea ikusten genuen Bidasoa zeharkatzen. Erraten ari ginen. Neurriak ez ditugu guk hartu behar; baina guk, ondorioak sufritzen ditugu.
Zerbait gehiago badakizue hildakoari buruz? Identifikatu dute?
Ez digute deus erran, prentsak dioena baino ez. Orain arte, dakigun bakarra da mutiko gaztea zela, Boli Kostatik zetorrela, eta, diotenez (ez dago konfirmatua), lanean aritu zela Andaluzian.
Ez dakizute, beraz, Harrera Saretik pasatu zen…
Ez dakigu, ez, baina, seguraski, pasatuko zen. [Xabier] Legarretaren arabera, —Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria— Gurutze Gorriaren dispositibotik ez da pasatu. Nik erraten dut, ordea, agian ez dela pasatu edo agian ez diotela utzi sartzen. Hemen kontua da aitzakiak jartzea: ‘Frantziak ixten du muga’, ‘migrazio politikak’… Bai, hori dena badakigu: badakigu nork ixten duen muga, badakigu non dauden kontrolak… baina badakigu Bidasoa ibaia hemen dagoela eta badakigu arazoak Irunen daudela. Bakoitzaren ardura ere mahai gainean jarri behar da: zuk ez badiozu mutil horri behar duen arreta ematen, adibidez, dispositibotik kanpo utziz estatuan urtebete baino gehiago daramalako…
Beraz, badakigu zeintzuk diren mugak ixtearen erantzuleak, baina badakigu ere Hilanderaseko aterpetxean 90 ohe badirela, eta egunero jendea kanpoan geratzen dela. Hona etortzen dira, muga hemen dagoelako; ez da besterik, geografikoki kokatuta gauden eremuarengatik.
Gorpua identifikatzea lortzen baduzue, aurretik egin bezala, saiatuko zarete familiarekin harremanetan jartzen, eta gorpuaren trasladoaren kudeaketa zuek eramaten?
Jakiten badugu bai, saiatuko gara. Baina ez dakigu errango diguten. Izan ere, mutilari motxilan paper batzuk aurkitu dizkiote, eta, horien artean, El Ejidoko txertoaren ziurtagaria. Paper horretan bertan egon behar du bere identifikazioa. Izen-abizenak eduki behar ditu. Beraz, mutila identifikatua dago ziur. Ez dute bere berri ematen ez dakit zergatik. Guk horren berri jakinez gero, hori bai, saiatuko ginateke.
Pilota erakundeen gainean dago. Nondik hasi behar da lanean berriro halakorik ez gertatzeko?
Denek badakigu non dagoen arazoa, denek badakigu nork ixten duen muga. Baina, era berean, badakigu Irunera etorriko direla, eta ezin zaiola inorri erran ‘zu ezin zara gehiago hemen geratu’ edo ‘zu hemen ezin zara sartu’. Hala ere, neguan egiten duen eguraldiarekin, hotzarekin… jendea kanpoan geratzen ari da. Eta hori, gainera, hotzaren dispositiboa martxan dagoela. Aipatu behar da iaz udalak izugarrizko lana egin zuela, eta migranteak pentsioetan-eta geratu zirela gaua pasatzen. Udalak lan ederra egin zuen orduan. Aurten, ordea, Gizarte Ongizate arloa Podemosen kudeatzen du, eta [migranteek] esan digutenez, ez dira hotzaren dispositiboan sartzen. Jendea kanpoan geratzen ari da, eta gure etxeetara eramaten ari gara gaua pasatzera. David Nuñori esan diogu azaltzeko zeintzuk diren irizpideak.
Horrelako gauzak pasatzen direnean, denek hartzen dute mikrofonoa eta Frantziaren migrazio politikak salatu edota Europak bide seguruak ireki beharko lituzkeela aldarrikatu… bai, baina eurek ere eman beharrekoa eman behar dute migranteak hemen dauden bitartean. Ez ditugu inbertsio handiak eskatzen, lo egiteko aterpetxo bat baizik.
Beraiek ez daukate harremanik migranteekin. Guk, boluntarioek, hitz egiten dugu beraiekin, eta kontatzen dizkigute gauzak: ‘Esan didate ezin dudala beste gau bat pasa Gurutze Gorrian, orduan saiatu behar naiz joaten’. Noski baietz. Lau edo bost aldiz saiatzen da, eta bueltan badator, gure etxeetara eramaten dugu hurrengo egunean saiatzeko esperantzarekin. Eta zer egiten dute. Ba agian, hurrengo egunean Bidasoa ibaitik saiatzen dira muga zeharkatzen. Beraz, hau ez da migrazio politiken arazo bat bakarrik. Dena azaldu behar da.
Zein argudio eman dituzte hotzaren dispositiboaren barruan pertsona horiek ez hartzeko?
David Nuño Irungo Harrera Sareko taldean dago, eta orain arte ez du ezer esan.
Muturreko egoera horrek guztiak eramaten dituzte Bidasoa ibaia zeharkatzera. Beraiek kontziente dira zein arriskutsua den?
Guk abisatzen dugu. Azkeneko hilabete honetan jende asko etortzen ari da Irunera, eta egia da, blokeo moduko bat gertatzen ari dela. Jendea desesperatua etortzen da, oso urduri: Kanarietan denbora luzez egon dira zain eta askotan galduta ibili dira estatuan barrena… Behin hona iritsi orduko, beraz, muga zeharkatu nahi izaten dute. Asko hasi ziren Bidasoa ibaira joaten. Horren berri jakin genuenean, miaketa bat egin genuen. Hori, guk; ez garela ez polizia, ez ezer. Miaketa horretan lau lagun ikusi genituen ibaia gurutzatu nahian. Guk ez egiteko eskatu genien. Guk ezin dugu inor behartu, baina ohartarazi genien oso arriskutsua dela eta itotzeko arriskua zegoela. Lortu genuen Irunera bueltatzea.
Egun horretan bai.
Hori da. Beste asko ere saiatu dira. Gainera, orain, Bidasoaren ur emaria hazi da, ura hotzago dago, marea biziak daude… Hori dena beraiek ez dakite. Edozein tokitatik ezin duzu Bidasoa zeharkatu.
Migranteen etorrerak hazi direla aipatu duzu. Zenbat etortzen dira batez beste egunean zehar?
25 inguru. Atzo goizean, adibidez, 65 lagun artatu genituen plazan.
Noiztik hasi da bolumena handitzen?
Azkeneko hilabete edo hilabete eta erditik hona. Kanarietan jende asko iristen ari dela egunero. Gero, hona ekartzen dituzte.
Norberak zerbait egin dezake egoera hau konpontzeko?
Presioa egin eta salatu. Badakigu nor ari den muga ixten, baina norbanako bezala ezin dugu kasu horretan zuzenean gendarmeen jarrera aldatu. Estatuak, politikariak… Europa guztiak egin beharreko lana da: mugak ez dira existitzen. Beraz, guri dagokigu presioa eta salaketa egitea, eta Irunen kasuan, harrera duina egitea: pertsona bat etortzen bada hona bi, hiru edo lau egun pasatzera, inork ez esatea ezin duela gaua aterpe batean pasatu.