[Galeria] "Heriotza eragiten duten politikak" salatzera irten dira irundarrak
Hamarnaka herritar elkartu ziren San Juan plazan larunbatean Bidasoa ibaian hilik agertu zen gaztearen heriotza gaitzesteko.
Samina sortu du larunbateko migrantearen heriotzak, eta horrek bultzata atera ziren kalera atzo irundarrak: hamarnaka lagun elkartu ziren San Juan plazan, Bidasoa ibaian hildako 38 urteko Afrikar jatorriko gaztearen heriotza gaitzestera.
“Heriotza eragiten duten politikak” salatu zituzten, eta kartel batean erakutsi zuten bezala, Fernando Grande Marlaska Espainiako Justizia ministroa eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria egin dituzte erantzule. Euskal Herria harrera herria pankarta ere atera zuten, eta Ongi etorri errefuxiatuak-en banderolak.
Harrera Sareak egin zuen elkarretaratzeko deialdia. Boluntario sareak gogorarazi duenez, azaroaren 8an ohartararazi zuen baldintzak betetzen zirela beste migrante batek bizia galtzeko, “eta Bidasoa ibaian, laugarren pertsona bat hil da”.
Migranteek arrisku egoerak hartzera bultzatzen dituzten bi arrazoi nagusi aipatu zituen, batetik, Irun eta Hendaia arteko mugak “geroz eta modu zorrotzagoan” ixtea, eta, bestetik, hirira etortzen diren migranteei egiten zaien “harrera eskasa”. Izan ere, Gurutze Gorriaren dispositiboan sartzeko hainbat irizpide eskatzen dituzte, eta, azken astean, esaterako, 10 pertsonari ukatu zaie sarbidea, “etxe partikularretan hartu dira, diru publikoz, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Barne Ministerioaren zentroan tokiak egonik”, salatu du Harrera Sareak.
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udalak pertsona horien bizitzekin “jolasten” ari direla kritikatu du boluntario sareak: “Kalean lo egin behar izatearen perspektibaren aurrean igerian pasatzeko arriskua hartzera laguntzen ari dira”. Horrez erantzule egin ditu Bidasoa ibaian hildako lau lagunen heriotzak eta trenak hil zituen beste hiru lagunenak.
Zentzu horretan, beste behin erakundeek “zerbait gehiago” egin dezaketela adierazi du, “orain ez digu balio erakundeetako ordezkarien aldetik kexak eta aiene bizigabeak entzuteak, bere esku dagoen guztia egiten ez dutenean”, gaineratu du.
Bestalde, gaur arratsaldeko giza katera joateko deialdia zabaldu du. 19:00etan elkartuko dira Santiago zubian, Bidasoa ibaiaren bi ertzetatik abiatuta. Bertan, kandelekin eta argiekin, mugaren biktimak oroitaraziko dituzte eta Europako migrazio politikak salatu.