Bidasoan atzeman duten hilotza pertsona migrante batena da
Gorpua ez dute identifikatu, baina Segurtasun Sailak jakinarazi du gizona, gaztea eta "afrikar jatorrikoa" dela goizean hilik aurkitu duten pertsona.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du gaur goizean Bidasoan topatu duten pertsona migrantea zela. Irungo uretan (Gipuzkoa), Endarlatsa inguruan, Nafarroarekin mugan topatu du hilotza 11:00ak inguruan paddle surf egiten ari zen pertsona batek. datu zehatzagoak eman ditu Ertzaintzak: gizona da hildakoa, 40 urtekoa, “seguruenik jatorri afrikarrekoa”.
Oraindik ez dute gorpua identifikatu, baina hildako pertsonaren identitatea bilatzea erraztu dezaketen hainbat dokumentu atzeman dituzte hilotzak aldean zeramatzan paperetan. Gorpuari autopsia eginen diote orain, eta horretarako Donostiako Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman dute. Segurtasun Sailak jakinarazi du ez daukala kriminalitate zantzurik.
Urtea hasi zenetik, zazpi pertsona hil dira migrazioen bidean Euskal Herrian: batek bere buruaz beste egin zuen, hiru Bidasoa ibaian hil dira, eta beste hiru trenak harrapatuta hil ziren Ziburun (Lapurdi), urri hasieran.