"Begira ez geratzeko" programazioa antolatu dute Euskararen Egunerako
Abenduko lehen astean, bertsolaritza, antzerkia, kantu jira, mintzodromoa eta beste hainbat ekitaldi izango dira Irunen, euskarari bultzada emateko asmoz.
Euskararen Eguna ate joka dagoen honetan, Irungo Udalak egun horren harira antolatu dituen ekintzen berri eman dute gaur goizean Miren Etxebeste Euskara zinegotziak eta Arantza Zulet Euskara arloko teknikariak. Aurtengo leloa, Ez geratu begira izango da.
Ekitaldi ia denak abenduko lehen astean pilatuko dira, eta antzerkia, musika, kantu jira eta mintzodromoa bezalako ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute irundarrek. Edozein kasutan, ekintza zehatz horiez gain, euskararekin lotutako bi egitasmo gogorarazi ditu Etxebestek: Haurrak Parkean eta Kalean Bai.
Haurrak Parkean 2-10 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta horren helburua, parkean nahiz kalean euskararen erabilera sustatzea da. Etxebestek azaldu duenez, begiraleak egoten dira dinamizatzen, eta familiek nahikoa dute hara hurbiltzea; ez dute aurretik izena eman beharko eta doan da. “Euskaraz ongi pasatzeko mezua zabaldu eta ea ohitzen garen gure haurrekin horrelako espazioetara hurbiltzen”, gaineratu du.
Kalean Bairi dagokionez, udalak plana berraktibatzeari ekin dio, faseka. Azken aldiz 2017an sinatu zuten entitateek egitasmoa, eta aurten konpromisoak berrituko dituzte egungo errealitatera egokituz. Abenduaren 1ean egingo dute hori, ekitaldi publiko batean, udaletxean. Egitasmo horren ardatza 25 urte arteko haur eta gazteentzako eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten entitateek (kirol edo kulturakoek, esaterako) euskara, urratsez urrats, jarduera eta antolamenduan txertatzen joatea da.
Egitarauan udaleko euskara eta kultura arloek, CBA liburutegiak eta Oiasso museoak osatu dute, eta lehen ekintza Perez Sagutxoa antzezlana izango da. Hilaren 27an (larunbata) izango da, 17:00etan, eta ordaindu beharko den ekintza bakarra izango da, 4 euro. Gainontzekoak dohainik izango dira.
Hurrengo ekintza Mintzodromoa izango da. Azaroaren 30 eta abenduaren 2an egingo dute Irungo DBH4ko ikasleek, 10:00etatik 12:00etara, Mendibil merkataritza zentroan, eta bertan euskaraz hitz egiteko tartea hartuko dute, hizkuntza ohituretan eraginez.
Abenduaren 2an ere bertsolaritzari egingo diote tartea, eta Alaia Martin eta Sustrai Colina parkez parke ibiliko dira bertsotan, 17:00etan San Juan plazatik abiatuta.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, kale animazioa izango da KontuKantoi taldean eskutik kaleetan. Goizetik eguerdira artea eta 16:00etatik 18:00etara arte Zabaltza plazatik CBAraino ibiliko dira.
Egun berean, 18:00etan, bakarrizketa izango da Oiasso museoan, eta 19:00etan, Idoiaren kontzertua, Amaia KZn. Abeslariak neguko bira Irunen hasiko du. Ahoz ahokoaren bitartez Idoia Asurmendik sarrerak agortzea lortu du Jazzaldian, Chillida Leku Museoan eta Donostia Festibalean, kasu.
Abenduaren 4ean, berriz, kantu jira izango da kalez kale, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik. Antolatzaileen esanetan, ez da beharrezkoa abestiak aurretik ezagutzea, ekitaldian bertan kantu liburuxka bat banatuko baitute. Egun horretan bertan, 19:00etan, Euskal Musikaren Zertzeladak dokumental musikatua eskainiko du Skola Music-ek. Euskal Herrian musikaren esparruan eman eta garatu diren zenbait musika estilo ikusi eta entzun ahal izango da: antzinako soinuetatik hasi eta gaur eguneraino.
“Helduak aktibatu”
Euskaraldiaren barruan Haurren Aurrean Helduak Heldu egitasmoa garatuko dute aurten, eta horren bidez, helduak “aktibatu” nahi ditu haurren aurrean, euskaraz hitz egitera. “Pertsonek edo gizarteak berak egiten duena oso garrantzitsua” dela adierazi du Etxebestek: “Haurrek helduak euskaraz hitz egiten ikusten ez badituzte, sentitzen dute etorkizuneko hizkuntza bezala ez duela balio. Helduek euskaraz egiten dugun heinean, haurrek ikusiko dute euskarak ere baduela tokia helduen munduan”.
Egitasmoa zabaltzeko ikastetxeen laguntza ezinbestekotzat jo du, eta, zentzu horretan, hainbat euskarri ere zabalduko ditu: kartelak, lonak, identifikagarriak… horrekin ekimena girotu eta helduak parte hartzera gonbidatu nahi ditu udalak.