2021ko aurrekontua osatzeko kreditua eskatuko du udalak
2020ko aurrekontuko diru kopuruari eustea eta 2021ko inbertsioei aurre egitea da kreditu eskaeraren asmoa.
Kreditu lerro bat eskatuko du Irungo Udalak 2021ko aurrekontua osatzeko, hala jakinarazi du Miguel Angel Paez Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak. Pandemiaren eraginez sortutako krisialdiak, sektore publikoak diru sarrera gutxiago izatea eragin duela, eta bestetik, behar berriei erantzuteko gastuak egokitu egin behar izan dituztela argudiatu du udalak.
2020ko aurrekontua 84.012.190,67 eurokoa izan zen, baina 2021erako 6.428.776,67 euro murriztu zela azaldu du Paezek, eta beraz, 77.583.414,00 eurokoa izan behar zuen. Jaitsiera hori, besteak beste, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpena gutxitu izanagatik da udalaren arabera.
Kreditua Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan onartzen diren deialdietara aurkezteko landuko diren proiektuetarako erabili nahi dute, baita 2022ko aurrekontuan dauden proiektu estrategikoetan baliabideak izateko.
Eskaera hau egiteko ez dute Foru Ogasunaren baimenik behar, likidatutako sarrera arrunten %75 baino handiagoa ez bada. Kasu honetan, %13,7koa da eta kreditua eskatu ondoren %21koa izango dela azaldu dute. Gainera, azaroaren 10eko 9/2020 Foru Dekretu Arauak baimendu egiten die gastuari aurre egiteko kreditua eskatzea.