Bi txiste beltz
Berriki Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin irakurtzeko parada izan dut. Liburutxo interesgarria, ederki euskaratua. Kazetari eta literato poloniarrak idatzitako zenbait kronika biltzen ditu, besteak beste Palestinakoak. Bere garaiko liburua, baina oso egungoa oraindik ere. 1970eko hamarkadatik hona ez baitira askorik aldatu batzuen ahalak eta besteen ezinak Lur Sainduan.
Kapuscinskiren testuetan palestinarrak dira oso bizkorrak, militanteak, ausartak, abegikorrak, eta beste hamaika izenondo potolo. Goraipagarriak guztiak ere. Baina, nago, bestelako kontrapisurik gabe, argazki distortsionatu eta orientalista xamarra ez ote duten eraikitzen halako kontakizunek.
Palestinarren artean ere badirelako alprojak eta aprobetxategiak, arre esan eta so egiten dutenak. Gustatzen zaienak askotxo jan eta edatea, aukeran lan gutxitxo egin eta ongi kobratzea, ala oro har, aisa bizitzea. Eta uste dut hain epikoak ez diren ezaugarri horiek ere nabarmentzekoak direla. Bertuteen gisan, baldarkeriek ere erakusten dutelako funtsean ez garela horren desberdinak, eta hortik ere etor daitezkeelako enpatia eta elkartasuna.
Epikotik gutxi du, baina palestinar ala oarso bidasoar, denoi gustatzen zaigu umorea. Palestinarrek kontatzen duten txiste batek dio Jainkoak ohitura duela, noizean behin, hango eta hemengo estatuburuekin biltzeko, audientzian. Agintariek ez omen dute aukera galtzen euren herriarentzat probetxua ateratzeko, eta hau eta hura eskatzen dizkiote Ahalguztidunari. Honek, ordea, erantzun berbera izaten du guztientzat. Ezezko biribila. «Inolaz ere ez. Ez, zu bizi zaren artean».
Jassir Arafati berari ere tokatu omen zitzaion, halako batean, Jainkoarekin hitz-aspertua egitea, eta parada aprobetxatu zuen bere herriari dagozkion lurra, bakea eta justizia eskatzeko. Ezezko biribila jaso zuen berak ere, espero bezala, baina ñabardura txiki batekin. «Inolaz ere ez. Ez, ni bizi naizen artean».
Umore beltz eta zinikoak ez du mundurik aldatzen edo estaturik eraikitzen. Baina, ziurrenik, bai laguntzen duela orainaren belztasuna bere lekuan jartzen, ala bere lepotik momentu batez irri egiten. Besterik da ea zergatik esleitzen diogun kolore beltza umore klase jakin horri, ala oso esperantzagarri ez dirudien etorkizunari, edo are zenbait gizabanakoren azal koloreari. Belztasunak asko baitu arbitrariotik, gutxi berezkotik.
Halaxe dio beste txiste palestinar batek. Azken Judizioaren ondoren, Salbazioa jaso zuten munduko jende eta herriak zerura iritsi omen ziren, San Pedroren atera. Denak batera ailegatu eta, noski, ilara luzea. Galtza bete lan San Pedro gizajoak batzuen eta besteen Paradisurako burokrazia antolatzen. «Alemaniarrak? Hantxe zuen txokoa, eta mesedez konforma zaitezte. Ingelesak? Hor zuena, txikixeagoa. Israeldarrak? Segi hango txokora, eta ez zirikatu bizilagunak…».
Iritsi omen zen, azkenean, palestinarren txanda. Jo zuten atea sarrera eske, baina San Pedroren paperetan palestinarren arrastorik ez. Atean pilatutako jende andanarekin larrituta, Jainkoarengana jo zuen atezainak. «Nagusi, palestinar mordoa iritsi zaigu atera, baina nire zerrendan ez dut haien inguruko argibiderik. Nire paperek ez diote ezer palestinarrei buruz. Zer egingo dugu?». Jainkoak denbora luzez eragin zion buruari, hausnarketa sakonean, korapiloa ezin askatu. Eta, azkenean, etsita, honakoa ebatzi zuen. «Tira, San Pedro, sar itzazu kanpin denda batzuetan, eta pentsatuko dugu eurekin zer egin».
Gizakia lan jainkotiarretan hastea itsuski ikusten dugu tradizio judeokristauaren lupatik. Baina, hala ere, Irunen aspalditxotik darama jendeak kale gorrian, kanpin dendetan lo egiten, eurekin zer egin eztabaidatzearen plantak egin bitartean. Kasualitatez, paperak eta belztasun arbitrarioa tarteko. Eta niri txiste horrek ez dit batere graziarik egiten.