DBHko ikastetxeek elkarretaratze bateratua egingo dute Azaroaren 25ean
Lehen aldiz egingo dute batera ekitaldi bat DBHko Irungo ikastetxe publikoek, eta, hala nola, kandelak piztuko dituzte aurten hildako biktima bakoitzaren omenez.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako batasuna ohi baino agerikoagoa izango da datorren azaroaren 25ean Irunen. Izan ere, lehen aldiz hiriko DBHko ikastetxe publiko guztiek elkarretaratzea egingo dute batera. 11:00etan izango da Zabaltza plazan, azaroaren 25ean bertan (osteguna).
Elkarretaratze horretan ere eskualdeko elkarteek ere parte hartuko dute: M8 Asanblada Feminista, Su txikian eta Parean, baita Irungo Berritzeguneko ordezkaria ere.
Ikastetxeek aurreratu dutenez, ikasle guztiei eta hezkidetza ordezkariek urte hauetan guztietan egin duten lana aitortu nahi diete publikoki, eta ekitaldiaren protagonistak beraiek izatea nahi dute.
Ikasleek pankarta eramango dituzte ekitaldira, eta bost zentroetako ikasleen artean manifestu bat irakurriko dutela aurreratu dute ikastetxeetatik. Horrez gain, aurtengo biktimak gogoan izango dituzte, eta biktima bakoitzeko kandela bat piztuko dute. Kanta eta dantza bat ere prestatu dituzte, eta ondoren, loreak botako dituzte. “Kandelek heriotza eta dolua sinbolizatuko dituzte, eta loreek batasuna, borroka eta itxaropena”, adierazi dute eragileek.
Antolatzaileen esanetan, udalari ere zabaldu diote gonbidapena, baina “zailtasunak” jarri dizkiete gonbidatu gisa agertzeko.