Fenix gehiago izan da
Talde okzitaniarra partida osoan zehar aurretik joan da, eta azkenean, 24-26 nagusitu da. Sailkapena guztiz estutu da, irundarren kaltetan.
Borroka antzua izan zuen atzo Bidasoak Fenixen kontra. Okzitaniarrak partida hasieratik jarri ziren aurretik, 4-7, eta hortik aurrera, ia partida osoan zehar mantendu zuten, gutxienez, bi goleko errenta. Atsedenaldira 11-13 joan ziren, eta bigarren zatian ere hala jarraitu zuen joerak. Azkenean, okzitaniarrak nagusi: 24-26.
Partida honen ostean, Bidasoak garaipen bat eta bi porrot egin ditu, eta European Leagueko A multzoa erabat estutu da: une honetan lau talde daude bi punturekin berdinduta. Golen errentagatik Bidasoak hirugarren postua mantentzen du, eta Fenix igo da laugarren postura. Atzetik daude, hurrenez hurren, Pfadi Winterthur eta Presov. Sailkapenaren lehen tokian Fuchse Berlin dago, eta, bigarren, Wisla Plock.
Bidasoaren hurrengo lehia, hain zuzen, Wisla Plocken kontra izango da, hilaren 30ean, 18:45ean, poloniarren kantxan. Multzoko lehen lau taldeak sailkatuko dira hurrengo fasera.