150eko tasa baino gehiago duten udalerrietan ekitaldi jendetsuak bertan behera uzteko eskatu du Jaurlaritzak
Egun, Irunek eta Hondarribiak 150eko tasa hori gainditua dute. Zifra ofizialak astean bitan ematen hasiko da Jaurlaritza.
COVID-19eko tasa 150 kasu baino gehiagokoa duten udalerrientzako neurri osagarriak aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Lehenik eta behin, egoera horretan dauden udalei eskatu die herri horietan jendetsuak izan daitezkeen eta osasun segurtasun neurriak bermatzeko arazoak izan daitezkeen ekitaldiak bertan behera uzteko edo atzeratzeko, udalek prebentzio neurriak bermatzerik ez dagoela ikusten badute. Irunek eta Hondarribiak 150eko tasa hori gainditu dute jada.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur eguerdian iragarri duenez, gainera, gaueko aisialdirako lekuetan eta jatetxeetan COVID ziurtagiriari eskatzeko baimena galdegingo dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Betiere, neurri horrek eragingo lieke 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiagoko tasa duten udalerriei, gaur azaldu dituen beste batzuekin batera. «Ez goaz ondo eta neurriak indartu behar ditugu, atzera ez egiteko», esan du pandemiari aurre egiteko neurri murriztaile berriak aurkezteko agerraldian.
Bihartik aurrera sartuko dira neurriok indarrean:
-150etik gorako intzidentzia duen herritan bertan behera utzi edo atzeratu egingo dira ekitaldiak eta jaiak, udalek adierazten dutenean ezingo dituztela prebentzio neurriak bermatu, bereziki jana eta edana tartean daudenetan, horretarako maskara kendu behar direlako.
-Neurriak indartu beharko dira bestelakoetan, barrukoan zein kanpoan: leku gehiago, bideak ireki jendearen zirkulazioa arintzeko, eta mugatu jatekoak eta edatekoak emateko guneak. Ahal dela ekitaldiak kanpoan egiteko eskatu du.
-Bakarrik ura kontsumitu ahalko da barruan egiten diren ekitaldietan, kontzertuetan esaterako. Parte hartzaileek betebeharra edukiko dute trazabilitatea ezartzen laguntzeko.
Astean bitan bidaliko dute buletin epidemiologikoa, udalen lana errazteko: astelehenetan eta ostegunetan.