Sagarduik esan du herritarren segurtasuna ez dela arriskuan jarriko bloke kirurgikoaren itxierarekin
PPren galderari erantzunez, faseka lanak egitearen ideia alboratu dute bloke kirurgikoaren zirkuitu egokia ez zegoelako bermatzerik eta jardueraren bestelako segurtasuna arriskuan jar zitekeelako.
Muriel Larrea PPko legebiltzarkide irundarrak Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoari buruzko azalpenak eskatu dizkio gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburuari kontroleko osoko bilkuran, eta herritarren segurtasuna bermatuko duten eta zerbitzua ez den okertuko galdetu dio.
Sagarduik, hasteko, galderak lan horiek “zergatik” eta “nola” egingo dituzten izan beharko zukeela erantzun dio, eta bloke kirurgikoa berritzeko lanei esker, herritarren etorkizuneko beharrak estaliko direla adierazi du.
Bestalde, lanek iraungo duten 18 hilabeteetan bloke kirurgikoa Donostiako Onkologikora lekualdatzea “balorazio teknikoa” izan dela nabarmendu du. Antzeko beste prozeduretan, lanak faseka egin eta zerbitzua mantentzearen alde egiten den arren, teknikariek lanak faseka egitea alboratu dutela azaldu du Sagarduik, eta arrazoiak “bloke kirurgikoaren zirkuitu egokia” bermatzerik ez zegoela eta “jardueraren bestelako segurtasuna arriskuan” jar zitekeela izan dira.
“Beste instalazio batzuetan izan arren, Bidasoko biztanleek euren osasunaren artatzea bermatuta edukiko dute”, ondorioztatu du Osasun sailburuak.
Horrez gain, Larreak herritarrei sortuko dizkien eragozpenak aipatu ditu, eta, besteak beste, Irun nahiz Hondarribia Donostiako Ospitalearekin lotzen duen garraio publikorik ez dagoela nabarmendu du. Sagarduik gogorarazi dio Osakidetzak osasun garraio sare bat duela garraio espezializatuta behar duten horiek mugiarazteko: “Proiektuak eragin ditzakeen eragozpenek kezkatzen gaituzte, baina batez ere Bidasoko biztanleek osasun artatatzea bermatzeak”.