Mahai sektorialaren bileran ez dute bloke kirurgikoaren gaia lantzerik izan
Eusko Jaurlaritzak egindako aurrekontu proposamenean, 4 milioi euroko aurrekontua bideratu du Bidasoa Ospitaleko lanetarako.
Atzo Bidasoa Ospitaleko mahai sektorialak ezohiko bilera egin zuen. Bertan enpresako nahiz sindikatuetako ordezkariak elkartu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak ere ordezkaritza eraman zuen behatzaile gisa. Aurreko ohiko bileratik sindikatuek eskatua zuten atzoko bileran bloke kirurgikoaren gaia gai ordenean sartzeko, baina zuzendaritzak ez zuen egin, eta “inolako argudiorik gabe, ez zuten erantzun ere”, Pilar Mendia Satse sindikatuko ordezkariaren esanetan.
“Aurreko bileran esan ziguten ez zegoela astirik, eta hurrengo bilerarako eskaera egin genuen bai idatziz eta baita hitzez ere puntua sar zezaten, baina ez zuten egin. Atzoko bileran, berriz, datorren hilaren 23ko bileraren gai ordenean sartzeko eskatu genuen”, jakinarazi du Mendiak.
Bestalde, atzo bertan beste bilera bat egin zuen gerentzia eta sindikatuek, eta larrialdiko kirofano bat egiteko aukera aztertzen ari direla jakinarazi zien enpresak. Bloke kirurgikoa Onkologikora mugituko dela ziurra dela azaldu du Mendiak, eta, berritasuna da larrialdiko kirofano bat bertan egiteko Satseren proposamena mahai gainean jarri dutela.
Eusko Jaurlaritzak berriki egindako aurrekontu proposamean 4 milioi euro bideratuko ditu Bidasoko Ospitaleko lanetara. Proiektu horretan aurreikusi bezala, ez da eraikin gehigarri bat kontuan hartuko, eta horren aurrean, Satsek gutxieneko zerbitzu bat ematearren, larrialditako kirofanoa egiteko proiektua aurkeztu dio Bidasoa Ospitaleko gerente Jose Manuel Ladron de Gebarari.
Presioa
Sindikatutik lekualdatzeak langileen lan baldintzetan dituen eraginak gutxitzeaz gain, “asko gehiago” ezin dutela egin, esan du Mendiak, eta presioa herritarren laguntzarekin egin behar duela gaineratu du. Zentzu horretan, ongi baloratu ditu egon diren mugimenduak, hala nola, pentsiodunen sinadura bilketa.
Edozein kasutan, larrialdiko kirofano bat egiteko proposamenean aurrera egiteko “denboraz larri” ibiliko direla gaitzetsi du Satseko ordezkariak, 2022ko martxoa edo apirila aldera hasi nahi baitituzte lanak, eta ordurako eginda egon beharko baitira lanak.