Gala berezi batekin ospatuko dute Irun Hiria literatura sarien 50. urteurrena
Xabier Lete eta Antonio Colina omenduko dituzte. Lehenak, 1980ean, euskarazko Poesia Saria irabazi zuen, eta bigarrenak, 1970ean, lehen edizioan, gaztelaniazko Poesia Saria.
Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien lehen edizioa egin zenetik 50 urte beteko dira aurten, eta urteurren berezi hori ospatzeko, gala bat egingo dute hilaren 26an (ostirala), Amaia KZn, 19:30etik aurrera. Gaur aurkeztu duten gala horretan musika, dantza, moda eta literatura uztartuko dituzte, eta oholtzara igoko dira Iñaki Salvador pianista, Maria Berasarte abeslaria, Maialen Urdapilleta dantzaria, IGA abesbatza irundarra eta Fanny Alonso jantzigilea. Maitena Salinas ariko da aurkezle nahiz dramatizazio lanetan.
Sariek mende erdia bete dutela eta, bi pertsona gogoan izango dituzte gala berezi horretan: Xabier Lete eta Antonio Colina. Letek 1980an irabazi zuen euskarazko Irun Hiria Poesia Saria. Colina izan zen, berriz, lehen Poesia Sariaren (gaztelaniaz) irabazlea, 1970ean.
Aurtengoan inoiz baino partaide gehiago aurkeztu dira, nahiz eta euskarazko lanak gutxiengoa izan, nabarmen: 1.675 obretatik 61 baino ez, 36 poesian eta 25 eleberrian.
Honakoak dira aurtengo irabazleak:
- Alaine Agirre Garmendia (Astigarraga): Karena (euskarazko eleberria)
- Leire Vargas Nieto (Durango, Bizkaia): Dena ametsa den irudipena (euskarazko poesia)
- David Monthiel (Cadiz, Espainia): Historia provincial de la infamia (gaztelaniazko eleberria)
- Pablo Luque Pinilla (Majadahonda, Espainia): Greenwich (gaztelaniazko poesia)
Norbaitek galara joan nahi izanez gero, izena eman beharko du aurretik. Gehienez, lau gonbidapen hartu ahal izango dira, antzokiko webgunean. Irungo Udalak espero du sarrera hartuz gero, joateko konpromisoa hartzea.