Migratzaileak arrisku erabakiak hartzera behartuta sentitzen direla salatu du Harrera Sareak
Frantziako poliziak kontrolak handitzeak eta Gurutze Gorriaren dispositiboan 3 gau baino ezin geratzeak migratzaileen segurtasuna arriskuan jartzen duen "koktel arriskutsua" dela kritikatu du Harrera Sareak
“Ez dugu hildako gehiago nahi”. Beste behin migratzaileen “alerta” egoeraz ohartarazi du Irungo Harrera Sareak. Batetik, Frantziak migrazio kontrolak berritu eta zirkulazio puntu erregularrak gogortzeak migrantzaileengan “antsietatea, etsipena eta estresa” sortzen duela jakinarazi du, eta horrek beren bizitza arriskuan jartzen duen ibilbideetatik igarotzera behartzen dituela.
Horri Gurutze Gorriaren dispositiboan hiru gau baino ezin geratzearen “presioa” batuz gero, emaitza “koktel oso arriskutsua da, migratzaileen segurtasuna mehatxatzen duena eta arrisku-erabakiak hartzera bultzatzen dituena”, adierazi du Harrera Sareak.
Etorrerak bikoiztu
Azken bizpahiru asteetan, Irunera iristen ari den pertsonen kopurua bikoizu egin dela azaldu du Harrera Sareak, eta 25-30 pertsonatik gorakoa izatera igaro da egunero.
Egoera horri aurre egiteko Irungo Harrera Sareak dituen baliabideak “oso mugatuak” direla adierazi du, baina erakundeek, udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak “askoz gehiago” egiteko gaitasuna dutela iritzi dio. Bidasoa ibaiak hiru migratzaile hil direla gogorarazi du, eta erakundeek hiru kasuetan adierazi dituzten “aitzakiak eta iruzkinak” ez direla onargarriak Harrera Sarearentzat: “Zerbait gehiago egin ezazue, egin dezakezue eta egin beharra daukazue”.
Behin eta berriro galdegiten ari da harrera sarea “ustezko segurtasun nazional baten pean mozorrotutako legez kanpoko migrazio kontrolak” desagartzeko. Horrez gain, hiru erakundeei eskatu diete blokeo egoera horrek jarraitzen duen bitartean migratzaileak kalean lo egitera edo euren bizitzak arriskuan jartzera ez bultzatzea.