Erletxea eta Laguntza Taldea Irungo Udalari zuzendu zaizkio: "Martxan da zerbitzua edo Filomena bezalako denborale baten zain gaude?".
Irungo Erletxea eta Laguntza Taldea eragileek Irungo Udalari galdegin diote hotz larrialdiko ostatu zerbitzua martxan jar dezan: “Zer gertatzen da zerbitzuarekin? Martxan da, jada, aurten? Edo Filomena bezalako denborale baten zain gaude?”.
Eragileek gogora ekarri dute hemen direla “hotza eta eurite bortitzak”. Joan den urtean abendu bukaeran jarri zuen martxan udalak neguari begirako udal-baliabidea, eta aurten epeak luza ez daitezen exijitu dute Erletxeak eta Laguntza Taldeak. “Nolatan ez da sistema martxan jartzen, automatikoki, hotza hasten denean?”.
Hotz larrialdiko ostatu zerbitzua
Gaueko tenperatura 8 gradutik beherakoa denean aktibatzen da,
Irungo Udalaren arabera, hotz larrialdiko ostatu zerbitzua. Zubia zentroan hainbat toki erreserbatzen dira baliabiderik ez duten pertsonek bertan gaua eman dezaten, eta edari epelak nahiz gosaria ere eskaintzen zaizkie erabiltzaile horiei.
Zerbitzua 21:00etan hasi eta 09:00etan bukatzen da, sarrera ordua 22:00ak arte luza daitekeelarik. Ostatu zerbitzua behar duena Zubia zentrora bertara daiteke hura eskatzeko; halaber, irundarrei gogora ekarri die udalak hotz boladetan kalean lotan lagunen bat ikusten badute 092 zenbakira dei eginda Udaltzaingoarekin harremanetan jar daitezkeela, agenteek erabiltzailea zentrora bidera dezaten.