[Erreportajea] ‘Gu Estoniara eta zuek Irunera’, esperientziak partekatzera
Irungo Pio Baroja institutuko talde bat Vorura joan da hango ikastetxeen antolaketa eta kudeaketa ezagutzera. Aste honetan estoniarrak hirian izan dira, hemengo ikastetxeetan nola lan egiten duten ikustera.
Zer edo zer ikasten ez den bidaiarik ez dago, eta beste herrialde batera joatearen esperientzia baliatu du Irungo Pio Baroja institutuak Pio Barojaren Antolaketa Eta Kudeaketaren Hobekuntza Internazionalizazioaren Bidez proiektua garatzeko. Irailean Estoniara bidaiatu zuten, Voru izena duen 10.000 biztanleko herri batera, eta hango ikastetxeak nolakoak diren eta nola lan egiten duten zuzenean ikusi zuten, gero, han ikasitakoak Irunera ekartzeko. Aste honetan, berriz, estoniarrak izan dira hirian, eta Pio Baroja institutuaz gain, inguruko beste zentro batzuk ere bisitatu dituzte: Txingudi Ikastola, Oiartzungo Elizalde ikastetxea eta Donostiako Amara Berri.
Pio Barojatik laukote bat joan zen Baltikoko herrialdera, horien artean, Asier Berrocal zuzendariordea. Voruko ikastetxea baso batean dago, eta 7-19 adin tarteko haur eta gazteak jasotzen ditu. Lehen gainbegiradan espazioetan nabaritu zuten aldea: “Espazio handiagoak dituzte, eraikina naturan integratua dago, eta, barrualdean, edozein tokitan daude sofak edota mahai teniseko mahaiak”. Antolaketari dagokionez, ez zuten ezberdintasun nabarmenik antzeman: DBH —hango Middle School— hemen baino urte bat lehenago bukatzen da, eta Batxilergoa —hango High School— urte bat gehiago luzatzen da.
Estoniako ikastetxeen %95 publikoak dira. “Han ikasleak aukera berdintasunean daude, eta denak toki berdinera iritsi daitezke, ekonomiak ez daukalako horrenbesteko garrantzia”, esan du Berrocalek. Zentro gehienak publikoak izan arren, hemengoek baino autonomia gehiago daukate: “Curriculumaren %70 legez markatua dago, baina gainontzeko %30 ikastetxe bakoitzak erabaki dezake”. Ildo horretatik, zentrotik zentrora aldeak antzeman dituzte. Izan ere, inguruko beste pare bat ikastetxe bisitatu ondoren, ikasgai ezberdinak topatu zituzten batean eta bestean, batzuek 55 minutuko eskolak ematen zituzten, beste batzuek 70 minutukoak… “Bakoitzak bere institutuan onena zela uste zuena egiten zuen, eta arrakasta handia zeukaten zentzu horretan. Hemen, ordea, zentroek ez daukate horrelako aukerarik, ikasgai libreak eskaini arren, horiek ez dute kontabilizatzen ez batez besterako ezta titulurako ere”, zehaztu du Berrocalek. Estoniako zentroek ere autonomia handiagoa izaten dute irakasleak kontratatzeko garaian, “zuzenean zuzendariak kontratatzen ditu”, gaineratu du Pio Barojako kideak.
Beste arlo batzuetan, ordea, gabeziak topatu dituzte, genero berdintasunean, kasu. Neskek sukaldaritza eta josketa bezalako eskolak egiten dituzte, eta mutilek teknologia. “Sukaldera sartu ginenean, positiboa iruditu zitzaigun: ikasten zuten makarroiak egosten, bizkotxo bat egiten… baina, bat-batean, konturatu ginen neskak bakarrik zeudela. Esan ziguten mutilak tailerrean zeudela”. Berrocalek argitu du ikasturte amaieran rolak aldatzen dituztela, baina oraindik oso markatuta daudela nabaritu du. Gorputz Hezkuntzan ere neskak eta mutilak banandu egiten dituzte: “Arlo horrek izugarri piztu zigun arreta. Zentzu horretan guk abantaila ateratzen diegu”.
Hizkuntzari dagokionez, eskola guztiak estonieraz ematen dituzte, baina bi ikasgai dituzte atzerriko hizkuntzenak: ingelesa eta errusiera. Ingelesari dagokionez, oso maila altua dutela jakinarazi du: “Ez bakarrik eskolagatik, baizik eta eskolaz kanpo, telebistan, ez dutelako ezer bikoizten, eta horrek eragina dauka maila hobea lortzeko. Gure umeek gaztelania bezala beraiek nahi gabe ere ikasten dute ingelesa”.
Teknologia ezagutzera
Asteartean izan zen Estoniako ordezkaritza Pio Barojan. Estoniarrek interesa dute teknologia berriekin Pio Barojan nola lan egiten duten ikusteko. “Baditugu ikasgai batzuk Moodle eta beste aplikazio batzuen bidez ematen ditugunak, eta horiek aurkeztu dizkiegu”, adierazi du. Horrez gain, laborategiak eta informatika gelak ere erakutsi zizkieten. “Biologia irakasle bezala, horiek [laborategiak] faltan bota nituen Estonian”.
Bestalde, Pio Barojan Batxilergoa bakarrik eskaintzen dutenez, bide batez, beste zentro batzuk bisitatu dituzte estoniarrek. Txingudi Ikastola, Elizalde eta Amara Berri zentro publikoak direnez eta gertutik ezagutzen dituztenez, horietara bideratu dituzte.
Bidaiak, ordea, ez dira hemen bukatu, eta 2022an beste hiru egingo dituzte Erasmus+ programari jarraituz: Portugalera, Suediara eta Finlandiara. Berrocalen arabera, herrialde horiek aukeratu dituzte hezkuntza sistemen zerrendetan beti goialdean agertzen direlako, eta eskola porrot indize baxuak dituztelako. Zein metodologia erabiltzen duten gertutik ezagutu nahi dute, esaterako, azterketetatik kanpo: “Gure metodologia oso memoristikoa da, eta oso zentratuta dago selektibitatea gainditzera”.
Egitasmo horretatik kanpo ere bidaia gehiago aurreikusi ditu institutuak; izan ere, Europako Batasunak bigarren proiektu bat ere onartu dio. “Ama hizkuntza ingelesa ez duten eta ingeles maila altua duten beste herrialdeetara joan nahi dugu nola irakasten duten ikastera”, jakinarazi du Berrocalek. Horrez gain, lantzen ari diren harreman sareak jarraipena izatea espero du, eta etorkizunean, ikasleen elkartrukeak sustatzea: “Hemen hasi da bidea”.