Atlantikoko hiri erromatarren sarea elkartu da
Ficoban egiten ari diren 'Itsaso artean' jardunaldien testuinguruan, Atlantikoko hiri erromatarren sareak egoeraren balantzea egin du, eta hurrengo jarduerak zehaztu.

Gaur bukatuko da Ficoban Itsaso artean jardunaldia, eta hori baliatuz, Roma Atlantiaca edo beste modu batera esanda, Atlantikoko hiri erromatarren sareak bilkura egin du Ficoban. Sare horretan ordezkatuta daude Saintes, Perigueux, Castro Urdiales, Gijon, Lugo, Braga, Condeixa-a-Nova eta Marvao. Guztiek komunean duten elementua iragan erromatarra da, kokalekuaz gain (Atlantikoa).
Bilera horretan sarearen egoeraren balantzea egin zuten, eta aurrera begirako jarduerez gain, hirien arteko elkarlana eta Internet nahiz sare sozialetan aurrera eraman daitezkeen ekimenak zehaztu zituzten.
Antolaketari dagokionez, hurrengo urtean estatutuak izateko konpromisoa hartu dute, eta horretarako, zirriborro bat idazten hasiko dira. Bertan, idatzitako protokoloa ordeztuko dute sareek, eta egitura sendoa emango dion forma juridikoa osatu. Horrez gain, aurrekontua ere izango dute. Pandemiak bertan behera utzi zituen komunikazio arloko ekintzak, baina berreskuratu eta eguneratu egingo dituzte. Bestalde, 2022rako jarduera plana prestatuko dute. Azkenik, urtero herri bat erromatar munduarekin lotuta dagoen jaialdi edo topaketen egoitza izango dela aurreratu dute.
Hiriek elkarlanean jarduteko “ilusioa” dutela adierazi du Jose Antonio Santano alkateak. Izan ere, kultur ondare berezi hori hiri gutxi batzuek dutela gogorarazi du, eta sareak “gure historia eta kultura munduari aurkezterakoan indartsuagoak izaten laguntzen” duela.