Ordenantza fiskalak izoztuta mantenduko dituzte
Elkarrekin Podemosen hizkuntza eskakizunen mozioa atzera bota dute. PPren babesa baino ez du eduki eta PSE-EE abstenitu egin da.
Urriko ohiko osoko bilkura edukiz beteta egon da: zinegotziek 22 puntutako gai ordena zeukaten aurretik, eta bi ordutara mugatu dute eztabaida. Plenoa, minutu bateko isilunearekin hasi dute, aste honetan hil den Ricardo Etxepareren omenez. Puntu garrantzitsuenetako bat ordenantza fiskalen gaia izan da. Udalbatzak bigarren urtez ordenantza fiskalak izoztea erabaki du. Udal talde guztiek egin dute proposamenaren alde, EH Bilduk izan ezik, abstenitu egin dela.
Abstentziora jotzeko arrazoia genero ikuspegiaren txertaketa izan da. Oihana Briones EH Bilduko ordezkariaren esanetan, zerga ordenantzak “ez dira neutroak”, eta emakume nahiz gizonei nola eragiten dien jakitea beharrezkoa da, eta ildo horretatik aipamena egin dio Eusko Legebiltzarrak onartutako Genero Eraginaren Aurretiazko Txostenari. Miguel Angel Paez Ogasun ordezkaria datozen hilabeteetan gaiaren gainean hausnarketa egiteko prest azaldu da.
Ordenantza fiskalak izoztearen erabakia familia nahiz enpresek bizi duten egoeraren testuinguruan kokatu behar dela esan du Paezek. Horrek udalarentzat diru sarreren murrizketa ekarriko duen arren, udala horiei aurre egiteko gai dela berretsi du. Finantza Kontseiluarekin dituzten elkarrizketetatik ondorioztatu du hori Ogasun ordezkariak, lurralde historikoek beste zerga batzuk igoko baitituzte balantza hori konpentsatzeko.
Hizkuntza eskakizunen mozioa
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk aurkeztutako mozioa atzera bota du Udalbatzak. Mozio horren bigarren puntuan hizkuntza eskakizunetan euskaldun pasiboak aintzat hartzeko eskatzen zuen koalizioak. Miren Etxebeste Euskara ordezkariak egin du aurkezpena, eta, besteak beste, Belarriprest profilak kontuan hartzeko eskatu du, eta nabarmendu du jendeari arreta ematen ez dioten lanpostuetarako luzatzen dutela proposamena. Normalizazio planetan euskara profila ez daukatenak txertatzea “ikaragarri lagungarria” izango litzatekeela iritzi dio, “ariguneak” sortuko liratekeelakoan. “Euskara eta gaztelaniaren arteko orekaren bila urrats sendoak” eman behar direla adierazi du, “ahalik eta pertsona gehien komunitate elebiduen integratzeko”.
EAJ eta EH Bilduk, atzo aurreratu bezala, mozio hori erretiratzeko eskatu diote Elkarrekin Podemosi. Xabier Iridoy EAJko ordezkariak mozioak bi arlo nahasten dituela aipatu du, gizartean euskararen erabilera zabaltzea, eta, bestetik, euskara, administrazioko lanpostuetan. Euskaldun pasiboaren rola eta ulerrizketa paradigma bizikidetza eleaniztasuna lortzeko baliagarria den puntuarekin ados daudela berretsi du Iridoyk; ez, ordea, bigarren puntuarekin, alegia, administrazio publikoan hori aitortzearekin. Euskara lan hizkuntza izateari “oztopoak” jartzen dizkiola esan du, eta erakunde publikoek bermatu behar dutela edozein zerbitzuetan eskaera euskaraz egiten dutenen hizkuntza eskubideak. Iridoyren arabera, ez du euskara hiztun eta esparru gehiagotara zabaltzen lagunduko, eta atzerapauso garbia da.
Ane Unanue EH Bilduko ordezkariaren esanetan, eskubide bat aitortzeak ez du eskubide hori bermatzen, eta euskal hiztunen eskubidea bermatzeko modu bakarra administrazioko langileek euskara bereganatzea dela. Belarriprest rola ofizialtze aldera, eskubide soziolinguistikoekin “talka zuzena” egiteaz gain, administrazioko langileen artean euskara sustatzeko ez du uste tresna zuzena denik, are gehiago, egungo egoera “kronifikatuko” duela. Administrazioan ulerrizketaren dinamika “tranpatia” izango litzatekeela gaineratu du, euskara eta gaztelania ez daudelako egoera berean.
Elkarrekin Podemosen mozioa babestu duen udal talde bakarra PP izan da, eta PSE-EEk abstentziorako bidea jo du. Paezen aburuz, mozioak “izaera politikoa” du, eta euskararen gaineko erabakiek kontsentsu zabala behar dute.
Kiroldegietako langileak
Galdera eskarien atalean, Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak hitza hartu du, eta udal kiroldegietako langileen “ziurgabetasuna” salatzeaz gain, udal gobernuari “irtenbideak” eskatu dizkio. Orain, urrian, larrialdi egoerarik gabe, enpresak langileei proposatu die soldatak %25eko jaistea, plusak kentzea eta lanaldia jaistea, eta udalak langileen lan baldintzak bermatzeko duen planaz galdetu dio.
Borja Olazabal Kirol arlo ordezkariak erantzun dio udalaren helburua hasieratik enpresari ekonomikoki konpentsatzea izan dela, bai zerbitzua eta baita langileen soldata ere mantentzeko. Erantzun horri zentzua eman dion argudio juridikoa larrialdi egoera izan dela esan du, baina behin bertan behera geratuta, formula juridiko berrien bila dabiltzala jakinarazi du, eta udal gobernuaren helburua bera dela berretsi du: “Azken hiruhilekoa berrorekatzea, zerbitzua eta langileen lan baldintzak mantentzeko”.