Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa egingo dute beste urte batez
Aurtengo udal egutegiaren gaia "Irun, izen propioz" da, eta asmoa Irunen hain ezagunak ez diren eta kale izendegian jasota dauden pertsonaiak ezagutaraztea izango da.
Beste urte batez, Irungo Udalak Irungo Argazkigintza Elkartearen (AFI) laguntzarekin, 2022ko udal egutegia egingo du. Horretarako, herritarrentzako “Irun, izen propioz” gai gisa izango duen argazki lehiaketa bat jarriko da abian, datorren azaroaren 3tik 19 arte.
Argazkietan hirian gutxiago edo gehiago ezagunak diren pertsonaiei eskainitako kale, plaza, espazio, eraikin edota eskultura ikusi beharko da, eta udalak azaldu du, bereziki balioetsiko dituztela “hain ezagunak ez diren eta bertako kale izendegia ezagutzen lagunduko duten” tokien irudiak.
Ekimena historiaren zati bat birpasatzeko aukera ederra dela uste du Jose Antonio Santano alkateak: “Ziur gaude oraingoa berriz ere aukera polita izango dela bertako historiaren zati hau birpasatzeko. Hiriko leku asko izen propioei eskainita daude, eta seguru nago ez dugula pentsatu zergatik izena duten horrela. Beraz, espero dut 2022ko egutegi hau hileroko oroigarri polita izatea Irungo leku askori izena ematen dieten pertsonenganako”.
Gerardo Garcia AFIko presidenteak gaineratu du garrantzitsua dela parte hartuko dutenek “ikuspegi ezezagunak eta originalak” bilatzen aritzea: “Hiriko arteria nagusietan edo pertsonaia ezagunenetan ez ardazten ahalegindu behar dugu, ea argazki hauen bidez gure auzoetako kale askotan ere ezkutatzen diren istorioak eta bizitzak aldarrikatzen diren”.
Lehiaketak berritasunak izango ditu, izan ere, egile bakoitzak hiru argazkirekin ahalko du parte hartu; nahiz eta aukeraketa egiterakoan, egile bakoitzeko bat bakarrik onartuko den. Gainerakoan, beste urteetan bezala jarraituko du lehiaketak, eta hamahiru argazki aukeratuko dituzte, hau da, hilabete bakoitzeko bat eta azalerako beste bat.
Azaroaren 3an jarriko dituzte baldintza guztiak irakurgai udalaren orrialdean, eta bertatik bidali beharko dira ere irudiak aipatutako epearen barruan.