Lan mahai bat jarri du martxan udalak hiriko "segurtasuna eta bizikidetza ziurtatzeko"
Lan mahai bat sortu du udalak, hirian "delituek gora" egin dutela argudiatuta. Bertan, neurri desberdinak hartuko dituzte "segurtasuna eta bizikidetza" ziurtatzeko, eta jada bi erabaki hartu dituzte: hamar zaintza kamera gehiago jartzea hirian zehar eta udaltzaingo lantaldea handitzea.
Lan mahai bat jarri du abian Irungo Udalak hiriko “segurtasuna eta bizikidetza ziurtatzeko” helburuarekin, bertan ekintza planak prestatuko dituztela azaldu dute, Jose Antonio Santano alkatearen gidaritzapean. Foro hau “delituek gora” egin izanagatik sortu dutela argudiatu du alkateak.
Ildo honetan, Santanok kezka adierazi du delituen gorakadatik, eta idazki bat bidali zion urte hasieran Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuari Irungo komisariako lantaldea handitzeko aukera aztertu zezan eskatuz. Baina, Santanok uste du ezin dela gaia poliziarekin bakarrik konpondu: “Ezin zaio poliziaren bidez bakarrik heldu; aitzitik, zeharka heldu behar zaio, hainbat ikuspuntu planteatuta eta inplikatutako eragileekin hitz eginda”.
Horregatik, lan talde honen kide izango dira auzo elkarteko ordezkariak, merkatariak eta polizia ezberdinetako ordezkariak ere. Partaide hauen egitekoa bertan neurriak hartzea eta proposatzea izango da, eta jadanik hainbat erabaki hartu dituztela eman du jakitera udalak, tartean, Udaltzaingoko lantaldea handituko dela iragarri dute “zenbait urtetarako plan baten esparruan”. Gainera, Herritar Segurtasunerako Arloa dokumentu bat landu dutela iragarri dute, hamar bat zaintza kamera berri instalatzeko.
Poliziaren kontrolaz gain, hiriko kaleetan jarduera eta ekimenak antolatzearen alde egin du udalak, eta horretarako kultur elkarteen, kirol taldeen, merkatarien edota ostalarien laguntza nahi dutela adierazi dute: “Kaleak jardueraz, jendez, aisiaz… betetzea da horrelako arazorik ez izateko biderik eraginkorrena, eta horretarako, kultur elkarteen, kirol taldeen, merkatarien, ostalarien… laguntza nahi dugu”.