Irun Aurrera bonuen laugarren kanpaina hasiko da, hurrengo astean
Azaroaren 4an abiatuko da Irun Aurrera bonu kanpainaren 4. edizioa, eta abenduaren 5 arte iraungo du. Oraingoz, 226 establezimenduk eman dute izena ekimenean, baina urriaren 29 arte inskribatu daiteke, udalaren orrialdean.
Berriz hasiko da Irun Aurrera bonuen kanpaina hirian, eta laugarren edizio hau inoiz baino parte hartzaileagoa izango da, 226 establezimenduk izena eman dute, zehazki. Juncal Eizagirre udal ordezkariak uste du parte hartzea hainbeste hazi izanak “programa gogokoa” dela esan nahi duela, eta era honetan “bonuen laguntzak Irungo negozio gehiagotara” iritsiko direla.
Hurrengo ostegunetik (azaroak 4) abenduaren 5 arte egongo da martxan ekimena, eta udalak oroitarazi du, oraindik izena eman daitekeela, urriaren 29 bitarte.
Baldintzek bere horretan jarraituko dute, hau da, Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gaindikoek erosi ahalko dituzte bonuak, eta erroldatutako bakoitzak hamar bonu erabiltzeko eskubidea izango du. Bonu bakoitzak 10 euro balio duenez, guztira 100 euro izango dira bezeroko, eta horietatik gehienez bi erabili ahalko dira denda berean.
Era berean, bonu bakoitza erabiltzeko gutxieneko 30 euroko erosketa egin beharko da saltokietan; Ostalaritzan, aldiz, gutxieneko 20 euroko kontsumoa egin beharko da. Horrela, bonuaren 10 euroaz gain, bezeroak 20 edo 10 euro ordaindu beharko ditu, gutxienez.
Bonuak ezingo dira elkartu, hau da, erosketa bat ordaintzeko, soilik pertsona bakar baten bonuak erabiltzeko aukera izango da. Bestalde, produktu alkoholdunez soilik osatutako erosketak ez direla aintzat hartuko jakinarazi dute.
Eguberritako kanpaina
Eguberritako kanpainaren berri emateko eta ekarpenak jasotzeko asmotan, bilerak egiten ari da udala hiriko hainbat elkarte, ostalari, saltzaile eta kultur entitateekin. Eizagirrek uste du garrantzitsua dela hiritar hauekin elkartzea kanpainaren nondik norakoak azaltzeko: “Aste hauetan hainbat talderekin bildu gara, Euskadin erreferentzia izatea nahi dugun kanpainaren edukiak ondo ezagutu ditzaten. Topaketa horiek garrantzitsuak dira, inpresioak jaso eta kontuan hartzeko balio baitigute, horrela guztion artean Eguberri hauek inflexio-puntu bihurtu, eta normaltasunera gero eta gehiago hurbilduko gaituen bide honetan jarrai dezagun”.