HAZ eta IRUNVI zerbitzuetarako ez da hitzordurik eskatu beharko
Azaroaren 2tik aurrera, ez da hitzordurik eskatu beharko HAZ eta IRUNVI bulegoetara gerturatzeko. Hala ere, izapide zehatz batzuk egiteko, oraindik, hitzordua eskatu beharko dela jakinarazi dute.
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdiaren araberako neurriak bertan behera utzi ostean, udalak ere desaktibatu egin du Udal Larrialdi plana. Honen berri eman du gaur Jose Antonio Santano alkateak, eta adierazi du lantaldeak martxan jarraituko duen arren, “gero eta gutxiago biltzeko asmoa” dutela.
Bestalde, urria hasieran eman zuen udalak jakitera CBA Udal Liburutegira eta Artaleku eta Azken Portuko kiroldegietara joateko ez dela aurretiko erreserbarik egin beharko. Orain, joera berdina jarraituz, azaroaren 2tik aurrera Herritarrentzako Arreta Zerbitzurako eta IRUNVI bulegoetarako ere ez dela hitzordurik beharko aurreratu dute. Hala ere, HAZen izapide zehatz batzuk egiteko, oraindik, hitzordua eskatzea mantendu egingo dela zehaztu dute.
Neurriak malgutzearekin jarraituz, hiri barruko autobusak ohiko modura funtzionatzen dabiltzala azaldu dute, eta Amaia KZ, Oiasso Erromatar Museoa eta beste gune batzuetara “aurreko hilabeteetan baino erritmo handiagoan” ari direla bisitariak gerturatzen adierazi dute.