[Elkarrizketa] "Garrantzitsua da zure eskubideak jakitea zerbait gertatuz gero"
Irule Abokatuak-ek ‘Indarkeria matxisten kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa ditugu?’ hitzaldia eskaini du Irunen, aste honetan. Plazaolaren arabera, ezjakintasun handia dago gai horren aurrean.

Elkarrizketa hau HITZAn publikatukoaren bertsio luzea da.
Nolatan ari zarete eskaintzen Indarkeria matxista kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa ditugu? hitzaldia?
Macarena [Mujika] eta biok bakoitza bere aldetik ibili gara lanean abokatu partikular bezala eta elkartu ginen Gipuzkoako Emakume Bananduen Elkartean aholkularitza juridikoa eskaintzen —hitzaldiak ere horren bitartez egiten ari gara—. Kasuistika guztiarekin (500 emakume artatu ditugu azken 4-5 urteetan) gizartean gai hau oso ezezaguna zela sumatzen genuen. Komunikabideetan pasatzen diren egitate larrienak ikusten ditugu, baina egunerokotasunean ezezagutza handia dago. Kanpainak ere entzuten ditugu, askotan oso zentratuta salaketaren inguruan, baina salaketaren ondoren zer gertatzen da? Epaitegiak zein erantzun ematen ari dira? Nolakoak dira salak? Nolakoak dira deklarazioak? Non daude eraso horiek? Eraso horiek pasatzen direnean zein bide ezagutzen ditugu? Nola egin dezakegu efektiboago izateko edo erasotua izan denaren beharrei hobeto erantzuteko? Helburua da errealitate hau sozializatzen hastea. Hori guztia lantzen ari gara formazio hauetan.
Indarkeria matxistari buruz ari garenean, zeri buruz ari gara?
Legeak zeintzuk kontsideratzen dituen eta gizarteak edo mugimendu feministetik zer ulertzen den, ezberdina da. Oro har, gizonek emakume bezala identifikatzen dituzten pertsonen kontra egiten duten edozein eraso dira. Ulertzen dugulako eraso guzti horiek sistema patriarkal horretatik eratortzen direla. Hori kontraesanean dator legeak ulertzen duenarekin. Gaur egun Estatu Espainiarrean indarkeria matxista kontsideratzen direnak (genero indarkeria) bakarrik dira bikote harreman baten barruan ematen direnak. Hortik kanpo eraso asko ematen dira. Esaterako, festetan ematen diren sexu erasoak. Guzti horiek, ordea, ez daude genero indarkeria bezala kontsideratuta.
Indarkeria matxista bezala ez kontsideratzeak zer inplikazio ditu?
Salaketaren bidea beti hor dago, kontua da legearen aldetik ez duela izango tratamendu hori. Horrek inplikazio ezberdinak ditu. Hasteko, kontsideratzio hori ez eramateak duen karga. Guretzat oso garrantzitsua da. Zuri esatea eraso bat jasan duzula, orokorra, edo horren barruan [genero indarkeria] kokatzea ezberdina da. Horretaz aparte, kasu hori ez du eramango genero indarkeriako epaitegi espezifikoak, instrukzioko epaitegi ordinario batek baizik. Horrek esan nahi duenarekin: epaileak ez direla bereziki formatuak egongo. Era berean, kritikatzen dugu genero indarkeriaren inguruko epaitegiak dauden arren, gero, gabezia handiak dituztela. Errealitatea da epaile horiek oso formakuntza gutxi dutela genero indarkerian, ez esateagatik ezer. Izena badute, baina benetan dituzten formazio eta baliabideek hutsune handiak dituzte. Edozein kasutan, funtsezkoa da, gutxienez, genero indarkeriatzat jotzea. Hau ez dugu guk esaten, Istanbuleko protokoloan jasotzen da, eta Espainiako Estatuak sinatua dauka.
Salaketaz gain, beste tresna batzuk garatzen joan behar gara. Oso garrantzitsuak dira Emakumeen Etxeak eta tokian tokiko mugimendu feministak
Askotan, salaketaren bidea hastea ez da erraza izaten. Zein izan beharko luke lehen erantzuna eraso bat gertatzean?
Ez dago erantzun zuzen bakarra. Hemen garrantzitsuena da kasu bakoitzean beharrak ondo analizatzea eta horiei erantzuna emango dieten pausoak jarraitzea. Horrekin lotuta, salaketa beti ez da lehenengo pausoa. Horrekin ez dugu salaketaren kontrako mezu bat eman nahi, ezta gutxiago ere. Ulertarazi nahi dugu tresna bat gehiago bezala. Salaketa ondoren, baliabideak egongo balira eta prozedura judiziala beste modu batekoa balitz, gehiagotan joko genuke horretara. Bide judiziala oso gogorra da, eta baldintza oso zurrunak ditu, eta askotan emakumea babes gabe geratzen da. Beti da bide zuzena? Ez. Izan beharko luke? Agian bai, baina beste tresna batzuk ere garatzen joan behar gara. Oso garrantzitsuak dira Emakumeen Etxeak edo tokian tokiko mugimendu feministak gutxienez konpartitzeko gertatu zaion hori edo dituen susmo horiek. Erabat beharrezkoa da inguru hori edukitzea, eta, agian, laguntza horrekin nahikoa da prozedura judizial bat hasi gabe.
Salaketa bat jartzeko pausoa ematen bada, askotan kritikatu izan da komisaldegietan-eta ez zaiela tratu egokia ematen. Zer egin daiteke?
Oso garrantzitsua da jendea informatuta egotea, eta jakitea zeintzuk diren zure eskubideak zerbait gertatuz gero. Salaketa bat jartzera joaten zarenean, eskubidea daukazu abokatu bat edukitzeko. Gutxienez, ofizioko abokatua eskatu dezakezu salaketa jartzerako unean. Oso garrantzitsua da salaketa hori nola erredaktatzen den. Prozesu osoaren hasiera da. Oso garrantzitsua da pauso bakoitza sendoa izatea eta ondo ematea. Baina baliteke une horretan ez egotea horretan pentsatzeko: gertatzen da datu batzuk ez direla ateratzen, ez zarela gogoratzen edo hain gogorra egiten zaizula gogoratzea eta ahoz esatea askotan ez direla esaten. Askotan denbora behar izaten da diskurtsoa mamitu eta ateratzeko garrantzitsuak diren egitateak eta salaketa horretan ondo plasmatzeko, frogak ondo aportatzeko… hori berotan komisaldegi batean botatzea hondamendia izan daiteke. Enpatizatzen duen ertzain bat tokatzen baldin bazaizu eta batik bat protokoloa betetzen duena abokatuaren elkargora deituz eta bera iritsi arte itxaroten, beno. Baina askotan ez da horrela izaten.
Bide judizial horretan, beraz, gabezia handiak daude oraindik…
Orain, Genero Indarkeriaren Lege Integralean jasotzen da formatuta egon beharko luketela, baita Sexu Askatasunaren Berme Osoaren Lege Organikoan ere, baina, gaur egun, ez dago bermatuta. Egun, legez etortzen den bakarra da sartzen diren epaile berriek formazio espezifiko bat egin beharko dutela, baina, noski, plantillan dauden beste guztiek ezer ez. Eta ematen den formazio hori, gainera, azalekoa da. Ideia patriarkalak hain barruraino ditugu sartuta, lanketa sakon bat egin behar duzula hori guztia desikasteko. Gaur egun, ezjakintasuna da nagusi Udaltzaingoan, Ertzaintzan…
Ideia patriarkalak hain barruraino ditugu sartuta, lanketa sakon bat egin behar duzula hori guztia desikasteko. Gaur egun, ezjakintasuna da nagusi Udaltzaingoan, Ertzaintzan…
Salaketa jartzean hasten den bideak bermatzen al du biktimaren babesa?
Errepikatzen dut ez dugula eman nahi mezu bat salaketaren kontrakoa, eta tresna hori ez erabiltzea. Baina derrigortuta ikusten dugu gure burua gabezia horiek azaleratzeko gizarteak jakin behar duela iruditzen zaigulako, gero, noizbait zerbait gertatuko balitz pastel guztia ez aurkitzeko. Salaketa jartzen duzunean, hein batean, prozeduraren kontrola galtzen duzu. Behin salaketa jarrita, delitu publikoak direnez gehienak —ezberdintzen dira delitu publikoak, semipublikoak eta pribatuak. Pribatua bada, salaketa erretiratuz gero, hortxe bukatzen da bere bidea— nahiz eta prozeduratik erretiratu, ministerio fiskalak jarraitu egingo du. Zuk nolabait horren kontrola galtzen duzu eta ezingo duzu zuk nahi duzun momentuan moztu. Oso normala da genero indarkerian salaketa jartzea, eta handik gutxira gelditu nahi izatea prozedura. Zergatik? Hasieran, lehenengo pauso horrek balio izan direlako emakumeei momentu eraso horiek gelditzeko, eta denbora horretan antolatu dute euren bizitza eta nahi dute horrela geratu gogorra egiten zaielako edo beraien kontrako errepresaliak egon direlako eta arrisku egoera handitu delako… Horrekin lotuta, Infantziaren Babeserako Legea onartu zutela eta, hor onartu zen ere ez deklaratzeko dispentsa eskubidearen erreforma. Erreforma honen aurretik emakumeek erabiltzen zuten dispentsa hori prozedura nolabait gelditzeko. Normalean, froga bakarra beraien deklarazioa izaten zenez, hortxe geratzen zen prozedura. Erreforma horren ondorioz, beraiek derrigorrez deklaratu beharko dute. Gure ustez, horrek oraindik ere gehiago murriztuko du beraien autonomia.
Zein neurri beharko lirateke babes hori bermatzeko?
Horren inguruan eztabaida sozial bat egon beharko luke. Hor ere sartzen gara eztabaida antipunitibista horretan. Askotan horrelako erasoak ematen direnean erantzuna izaten da ‘zigor gehiago’. Mugimendu feministatik eta gure esperientziatik ikusten dugu zigorra handitzeak ez garamatzala inora eta hor beste behar batzuk daudela. Behar horiek identifikatzen ditugu, esaterako, arlo ekonomikoan. Erasotu-erasotzaile harreman horretan askotan ematen da dependentzia ekonomiko bat, eta babes ekonomiko handiagoa behar dute. Etxebizitzaren beharra ere hor dago. Egun eman daitekeen erantzun bakarra larrialdiko etxebizitzen zerbitzua da, diputazioarena, baina oso motz geratzen da. Horretaz aparte, dependentzia emozioanala ematen da. Diputazioak badauka zerbitzu bat indarkeria jasaten duten emakumeentzako, eta hor badago zerbitzu juridikoa eta baita psikologikoa ere. Baina itxaron zerrenda luzea da, eta, gainera, gero ematen den zerbitzua, gure ikuspuntutik, jarraiagoa izan beharko luke, egoera larriak izaten direlako. Bestalde, komunitatea gertu edukitzearen gai hori oso garrantzitsua da. Horrez gain, administrazio publikoek ere baliabide gehiago jarri beharko lukete.
Mugimendu feministatik eta gure esperientziatik ikusten dugu zigorra handitzeak ez garamatzala inora, eta beste behar batzuk daudela.
Zuengana jotzen duten emakume horiek kasuak, oro har, zeintzuk izaten dira?
Kasu asko izaten dira familiaren barruko arazoak: dibortzio edo banaketa edo kustodiak. Horrekin lotuta, beraiek, agian, ez dute lehenengo momentuan esaten, baina askotan indarkeria egoten da. Indarkeria kasu gehienak ‘konpontzen’ dira familia prozeduren bitartez. Indarkeria matxista salatu ordez, dibortzio batera jo edo seme alaben kustodiara jo ezkonduta ez dauden familien kasuan. Atzerritartasun gaiak ere oso ohikoak dira. Emakume asko daude irregulartasun egoeran, lan prekarietate ikaragarriarekin, indarkeria kasu ikaragarriekin… hori ikusten ari gara Emakume Elkartean ematen dugun aholkularitza zerbitzuan eta baita Emakumeen Etxeetan ere. Horiek kasuak izugarrizko drama dira.