Behobiako auzotarrek ekarpenak egin ditzakete, 'Alkatea auzoetan' dinamikan
Atzo Behobian izan zen 'Alkatea, auzoetan' dinamika, eta orain, astebete daukate auzotarrek iradokizunak, proposamenak edota kexak udalari luzatzeko.
Atzo Behobian izan zen Jose Antonio Santano alkatea, ‘Alkatea auzoetan’ dinamikaren baitan. Bertan, Paco Martinez, Behobia auzo elkarteko presidenteak, auzotarren eskaeren berri eman zion, eta bizilagunek ere proposamenak zuzenean egiteko aukera izan zuten.
Osasun neurriak baretu direnez, programan aldaketak egin dituzte, eta orain, astebete izango dute auzotarrek haien ekarpenak, kexak edo iradokizunak egiteko. Horretarako, auzoan bertan jarriko duten karpako hautetsontzian idatzitakoa botatzearekin nahikoa izango da, edo udalaren orrialdetik ere bidali daiteke.
Oraingoz, 122 proposamen jaso dituzte, eta hurrengo pausoa, proposamenen alorreko eskumenak dituen arloarekin bilera egitea izango dela azaldu du udalak. Ondoren, jasotako ekarpenak udal webgunean argitaratuko dituzte, eta azkenik, hartutako konpromisoen jarraipena egiteko aukera eskainiko dute.