Montai eta Hondarribiko Udalaren arteko kontratuak aztertzen ari da Lehiaren Euskal Agintaritza
2018tik 2021era bitartean Aitor Elorza jeltzaleak zuzendutako enpresaren eta Hondarribiko EAJren udal gobernuaren arteko kontratuak ikertzen ari da agintaritza.
Montai enpresaren eta Hondarribiko EAJren udal gobernuaren arteko kontratuak ikertzeari ekin dio Lehiaren Euskal Agintaritzak. Espainiako Estatu mailako Eldiario.es komunikabideak zabaldu du informazioa, eta azaldu duenez, 2018 eta 2021 arteko kontratuak dira ikertutakoak. Irregulartasunak kultur eta kirol jarduerei zein ekitaldi sozialei dagozkiela zehaztu du hedabideak. Kaleratutako informazioaren arabera, dena den, ikerketak ez du zigor espedienterik ezarriko, “kontratazio publikoan gardentasuna bermatzeko gomendioak” emango zaizkiola baizik tokiko gobernuari.
Montai enpresa taldearen kontratazioaren gaineko argi-ilunak hamaika bider salatu dituzte alderdi ezberdinek. Abotsanitzen udal taldeak, esaterako, hainbat salaketa egin eta fiskaltzaren eskuetan utzi zuen auzia. Fiskaltzak, bere aldetik, Montai taldearen “kontratazio jarraituan irregulartasun sistemakoak” onartu arren, ez zuela delitu zantzurik antzeman ebatzi zuen.
Montairen aurkako salaketek Hondarribiko mugak ere gainditu zituzten, eta Gasteizko parlamentura iritsi ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen (EP) eskutik. Hondarribiko Udalaren eta Montai enpresa taldearen arteko kontratuak ikertzeko galdegin zuten Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean bi alderdiek.