Ahantzirik utzi ditugun gureak
Gaztetxoak ginen gure artean oraindik ezezaguna zen gaixotasun pandemiko batez kutsaturik herrian gazte ez gutxi itzaltzen, hiltzen, hasi zirenean 1980ko hamarkadan. Aleka joan zitzaizkigun bizitzako hoberenean gugan hutsune itzela lagaz. Aurreko mendeko azken pandemia honek, hiesak, gure komunitatean eragindako triskantzaren aurrean, zer egin zuen —eta zer orduz gero— Hondarribiko herriak, bertako instituzio nagusiak? Txepeltasuna izan ere bada koldarkeria.
Oro har, gaixotasun gehienak gizartearen aurrean nolabait garbiak direla esan genezake, ez baitakartzate beraiekin moralezko epaiketarik; ez da honela gertatzen, ordea, zenbait minbizi motekin, ezta ere egun bizi dugun COVID-19az gaixotu direnekin (honetaz aski bada esateko), eta are gutxiago, ezjakintasun betean, hiesaz kutsatu zirenekin, zein egun kutsatzen jarraitzen direnekin. Gaixotasun bikoitz hauetan inbasio zelularra bada gorputzak pairatzen duen lehen kolpea, behin erituaren kasua herrian ahoz aho dabilenean, norbanakoaren osasuna —eta ongizatea— zartatuta gertatzen da aurreiritziaren astindua medio. Estigmatizazioaz ari naiz.
Beraien senide eta lagunak goxatze aldera, egingo dira omenaldi ofizialak COVID-19ak gugandik eraman dituenen izenean (ez dira, ez, 30-40 urte pasako), eta oroigarriak kokatuko gure herrietako txoko txukunetan, eta hala behar du, sekula ahaztu ez dezagun bizitutakoa (oraindik bizitzen ari garena). Non dago, baina, honen aurreko pandemiak eraman zituen Hondarribiko gazteak gogora ekartzen digun oroimen plaka, lore-xorta xumeena bederen?; non herri honetan egungo eta biharko gazteei bertan noizbait bizitu izan zen errealitate gordina gogoraraziko dien gunea, komunitate-bizipen ahaztezinaren argazkia, herriaren identitate historikoan —gogokoa izan edo ez— atal guztiz garrantzitsua den hori? Eta nola ditugu kontzientziatuko gaurko gazteak hiesaren arriskuaz egun? Tokirik baldin badu gure herrian madrildarrek ezarritako Hartza eta gurbitza-k, nola leike joan zitzaizkigun gazte haien izenean oraindik ere ohorezko aztarnarik aurki ezin izatea gure kaleetan?
Urte gogor haietan, bertako familiaren bat edo bestek Bermeoko Txo Hiesa elkartean aurkitu zuen Hondarribiak eskaini ez zion babesa; Hondarribiko seme baten errautsak —arrantzale gazte mardula hura—, ondorioz, Gaztelugatxeko uretan jaurti zituzten guraso etsituek. Lotsa eta amorrua sentitzen dut hainbeste urteren ondoren ama alargunarekin hitz egiten dudan aldiro. Herri turistikoa da gurea, dotorea ez den oro gorde alfonbraren azpian, edo hobe, Hartza eta gurbitza-ren ipurdipean; baina ez ezazue ahaztu: gu geu guztiok koloretsua ez den errealitateaz eginak gaude ere, eta horretantxe datza, hain zuzen, gure egiazko identitatea; ez zaiteztela engaina. Ahanzmendutik atera nahi ditut gaur gure adiskide eta anai-arrebak.