Hiframasarenak ziren lurretan pabiloi berriak egingo dituzte
Pabiloietako batean Katealegaia kokatuko da, ezgaitasuna duten pertsonen inklusio soziolaborala bultzatzen duen enpresa. Bidasoa Oarsoko Industrialdeak garatu du proiektua.
Gaur goizean Katea auzoan kokatuta dagoen Hiframasa lantegi zaharrean egiten ari diren obrak bisitatu dituzte Bidasoa Oarso Industrialdea sozietate anonimoko ordezkariek. Izan ere, lantegi zaharra bota, eta pabilioi berriak eraikitzekoak dira. Bertan kokatuko da, hain zuzen, Katealegaia ezgaitasuna duten pertsonen inklusio soziolaborala bultzatzen duen enpresa. Pabilioien %50 okupatuko du. Beste pabilioiak beteko dituzten hautagaiak badituztela esan dute, nahiz eta oraindik zeintzuk izango diren ez duten jakinarazi.
Bertan izan dira Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapen zuzendaria. Hain zuzen Bidasoa Oarso Industrialdea Sprilur —Eusko Jaurlaritzaren barruko erakundea da—, Gipuzkoako Foru Aldundia, Irungo Udala eta Oarsoko Industrialdeak (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalen baitako erakundea) osatzen dute erakundea.
Hain zuzen, lankidetza izan da ordezkariek gehien nabarmendu duten hitza. Izan ere, lur eremu berri batean eraiki beharrean, industria gune zaharrak berrerabili eta lehengoratzearen aldeko apustua egiten dutela aipatu dute. Hori jasangarritasunaren ideiarekin lotu dute, eta aurrera begira ere beste eremu batzuetan antzeko ekintzak egiteko asmoa jakinarazi dute.
Pablo Nuñez Katealegaiako zuzendariaren esanetan, egun dituzten azpiegiturak zaharkituta daude, eta tokialdatzearekin “proiektua indartu eta lanpostuak finkatu” nahi dituzte, aurrera begira, jarduera indartu eta enplegu gehiago sortu. Egun, Gabiria kaleko lantegian 50 langile dituzte.
Lanek 2022 urte amaierareko bukatuta edukitzea espero dute, eta 6,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute.