Amaitu da Hondarribian izan den Europako eta Munduko Windsurf Txapelketa
Hondarribiko Klub Nautikoak antolatu du raceboard modalitateko Windsurf Txapelketa Mundiala eta Europearra. Maila honetako txapelketak, euskal estropadalarientzat "aukera bikaina" dela nabarmendu dute.
Munduko eta Europako Windsurf Txapelketa jokatu da Hondarribiko Klub Nautikoaren eskutik, urriaren 9tik atzo arte. Raceboard modalitateko mundu osoko ia 60 estropadalari elkartu dira egun hauetan, horien artean Blanca Manchon, Ivan Pastor, Jorge Maciel eta Patrick Pollak.
Europako txapelketaren irabazle izan zen Blanca Manchon, eta mundialekoa Antonia Dominguez. Gizonen artean Ivan Pastor nabarmendu zen, bai Europan bai mundialean. Bestalde, Hondarribiko Alex Diaz eta Josema Elduaien estropadalarien lana ere nabarmendu dute: “Toki oso onean utzi dute klubeko pabiloia, helmugara lehen hamarren artean iritsi baitziren”.
Bi lehiaketak egin ahal izatea “arrakasta handia” izan dela uste dute antolatzaileek, nahiz eta lehen egunean ezin izan zen probarik egin haize faltagatik. Klub Nautikoak uste du horrelako txapelketek euskal estropadalarientzat “aukera bikaina” dakartela, eta kirolari hauen prestakuntza handitzen dela.