Merezitako omenaldia jaso du Teresa Errandoneak klubaren partetik
BATek klubaren urrezko intsignia eman dio atletari bere denboraldi historikoa aitortzeko. Ekitaldian parte hartu dute senideek, lankideek, entrenatzaileek, erakundeek eta babesleek.
Joan den asteazkenean omenaldi goxo eta beroa jaso zuen Teresa Errandonea BATeko atletak Amaia KZn klubaren partetik. BATek atletak erdietsi duen “denboraldi historikoa” aitortu dio ekitaldi horren bidez. Horren erakusgarri Josema Soto BATeko presidentearen eskutik jasotako klubaren urrezko intsignia. Aurretik ohore hori Joseba Sarriegik baino ez du jaso, eta lehen emakumea izan da Errandonea oroigarri hori lortzen.
Ekitaldian izan ziren Errandonearen senide, lankide eta entrenatzaileez gain, erakundeetako nahiz babesleen ordezkariak ere.
Omenaldia Errandoneak 2006tik hona egindako ibilbidearen ikus-entzunezko batekin hasi zen. 15 urte horien ginga Tokio 2020 olinpiar jokoak izan dira. Ondoren, Sotok hartu zuen hitza eta Gipuzkoako atletismoak “emakume izena” duela nabarmendu zuen Errandoneari keinu eginez.
Jarraian, Errandonearen txanda izan zen, eta eskerrak eman zizkien inguruan izan dituen guztiei, eta familia, kluba, entrenatzaile, lagunak eta lankideak izan zituen gogoan. Horrez gain, Salto Systen babesleari esker bereziak eman zizkion, lana eta kirol ibilbidea uztartzen laguntzeagatik.
Oholtzara igo ziren hurrenak omenduaren hiru entrenatzaileak izan ziren: Susana Ferreira (eskola garaiko entrenatzailea), Ibon Muñoz (2018ra arte izan zuen entrenatzailea) eta Ramon Cid (egungo entrenatzailea).
Horrez gain, Imanol Soroari ere aipamen berezia egin zioten Real Sociedadeko fisioterapeuta eta Errandonea errekuperatu ahal izateko gakoetako 2018an. Azkenik, sponsorrei eskerrak eman zizkieten.