[Erreportajea] Maldan gora hasi da ikasturtea
Hezkuntza Plazara iniziatibak salatu duenez, arazoak izan dituzte ikasturte hasiera honetan Irungo zenbait ikastetxetan, eta hiru hutsune nagusi zerrendatu: ordezko irakasleen falta, azpiegituretan arazoak, eta karpak oraindik instalatu ez izana.
Urtarrilekoari deitzen zaio aldapa, baina irailekoa ere ez da makala izaten: denaren hasiera. Malkartsua izatea ez da harritzekoa, baina hezkuntzan urteak joan eta urteak etorri malda geroz eta gogorragoa egiten ari zaiela salatu du Hezkuntza Plazara iniziatibak. Azken urteak pandemiak baldintzatutakoak izan dira, baina izurriteak oinarrian dauden arazoak azaleratu baino ez dituela egin uste du. Hezkuntza Plazarak Irunen ere badu talde eragilea, eta bertan hainbat arazo antzeman ditu ikasturte hasiera honetan. Hiru nagusi: ordezko irakasle falta eta COVID-19 errefortzuak berandu iristea, espazio edo azpiegitura falta, eta azkenik, euria egiten duenerako karpak jarri ez izana.
“Inprobisazioa”. Sentsazio horrekin geratu da Xabi Zabala Hezkuntza Plazarako kidea eta Toki Alai ikastetxean bi haur dituen gurasoa: “Aurreko ikasturtea bukatu genuen jakinik nola hasiko genuen aurtengoa, eta harritzekoa iruditzen zaigu nolatan jokatu duten hain aurreikuspen gutxirekin edo nolatan atera zaizkien kalkuloak hain gaizki”, adierazi du. Atzerapen horrek “estresa eta ondoeza” eragiten duela uste du, zehazki ikasle eta ikastetxeetako langileen artean: “Dituzten baliabideekin konpondu behar dira”.
Egoera horren erantzule Irungo hezkuntza kudeatzen duten bi administrazioak egin ditu iniziatibak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. batetik; eta Irungo Udala, bestetik. Irakasleen ardura Hezkuntza Sailarena da, eta ordezko falta nahiz COVID-19ko errefortzuen atzerapena Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eman den arazoa izan da, Iñigo Gebara Hezkuntza Plazarako kide eta Hirubideko irakaslearen esanetan. “Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak aho handiarekin esan duen garaiz iritsiko zirela, azkenean, berandu eta kurtsoa hasita zegoela etorri dira. Ikasturtea planifikatzeko garrantzitsua da lehen egunetik egotea”. DBHn, esaterako, ordezkoen falta horren aurrean, zaintzako irakasleekin konpondu behar izan dira, baina horrek irakasgaiak hilabete atzeratzea ekarri du. “Ondorioz, atzerapen hori ikasturte osorako geratzen da”.
Irungo Udalarekin, berriz, iazko ikasturtearen bukaeran, uztailean, bildu zen dinamika. Zabalaren arabera, bere esku zegoena egiteko prest azaldu zen udala, eta ikasturte berria ere iazko baliabideekin hastea espero zuela komunikatu zien, hala nola, kale espazioen erabilera eta karpak. Irailaren 8an, ordea, ikasleak eskoletara iristean, karpak falta ziren. Iaz, udalak karpak jarri zituen hiriko zenbait ikastetxetan COVID-19 protokoloari jarraituz, umeek kalera ateratzeko aukera izan zezaten egun euritsuetan ere. Karpa horiek, ordea, kendu egin zituzten udan, eta oraindik ez daude zentro bakar batean ere jarrita. Muntaketa lanak ere ez dira hasi.
Irungo Udaleko Hezkuntza eta Bide Publikoko arloak Hitza-ri berretsi dio karpak jarriko dituztela. Nolanahi ere, ikastetxeei, aurretik, karpak ezingo zirela berehala instalatu jakinarazi zitzaiela azaldu du, eta karpak instalatzeko espedientea ebatzi ondoren jarriko zirela. Espediente hori «laster» ebaztekoa dela aurreratu du udalak, nahiz eta ez duen zehaztu noiz. Izapideak Eusko Jaurlaritzak karpak diruz lagundu aurretik hasi zituela zehaztu du udalak, eta horiek “lehenbailehen” instalatzeko lanean jarraitzen duela. Edozein kasutan, orain arte ikastetxe batek ere ez duela kexa formalik aurkeztu esan du.
Bien bitartean, haurrek euria edo eguraldi txarra egiten duenean, patiora irten ezinik jarraitzen dute, “horrek dakartzan ondorioekin”. Gehiago esan du Gebarak: “Egun osoa pasatzen dute lau pareten artean”. Horrez gain, ikastetxe batzuetan ez dute gimnasiorik, eta karpen faltan, euria eginez gero, gorputz hezkuntza gela arruntetan eman behar izaten dutela jakinarazi du.
Hain zuzen, horrek egiturazko arazoak agerian uzten dituela gaitzetsi du dinamikak, eta eskolatik eskolara azpiegiturei dagokienez alde handiak daudela. Horien artean, Toki Alairen kasua aipatu du Zabalak. “Zaharkitua egoteaz gain, espazio falta ikaragarria dago”. Horri erantzuteko lau modulu jarri zituzten iaz, eta ikasgela batzuk hara eraman zituzten. “Modulu horiek ekainean kendu zituzten jakinik irailean egoera berean egongo ginela. Irailaren 8rako erabilgarri egotea espero genuen, baina ez zen hala izan, bi aste behar izan zituzten bukatzeko”. Pandemiarekin egoera okertu eta zenbait ikastetxetan espazio eta azpiegituren egoerak “gainezka” egin duela adierazi du haurrak Toki Alai ikastetxean dituen gurasoak.
Beste zentro batzuek estalpe gehiago dituzte euria egiten duenerako, Elatzetak edo Eguzkitzak. Azken zentro honek ez du karparik eskatu, Joxemi Zabala zuzendariak azaldu duenez. Badira, ordea, estalkien premia handiagoa dutenak, Belaskoenea ikastetxean, esaterako. “Karpa faltan botatzen dugu”, azaldu du Pili Anunzibai zuzendariak. Lehen Hezkuntzako haurrek aterpeak badituzte, baina ez, ordea, Haur Hezkuntzako haurrek: “Dagoeneko umeek hilabete daramate eskolan. Egia da eguraldiak, oro har, lagundu digula, baina euria ere egin du”, adierazi du. Hala ere, eskolaren eskaera nagusia jangela da. Egun, bi gela arruntetan kokatua dago, lehenengo pisuan, erdiko pareta botata. Berez, ez ditu behar diren baldintzak betetzen, baina eskolak zerbitzu hori eskaini behar duenez, martxan dago. Orain, izurritearekin hiru txanda egin behar dituzte, eta zuzendariaren esanetan, ez da batere erraza egoera kudeatzea. Eguzkitzan, berriz, eragina «apala» izan arren, irakasle falta sumatu dute hasieran. “Eskolan hasten diren egunean bertan ordezko irakaslea edo irakasle berria etortzea ez da kalitatezko hasiera”, azaldu du zuzendariak.
Hain zuzen, “sakoneko neurriak” eskatzen dituzte Hezkuntza Plazara mugimenduko kideek: “Curriculumean kalitatezko hezkuntza aipatzen da, eta hori exijitzen dugu”. Edonola ere, “hausnarketa eraikitzailea” egin nahi du Hezkuntza Plazarak, eta ekarpenak egin nahi ditu. “Uste dugu hezkuntza komunitateak parte hartu behar duela erabakietan nahiz Irungo hezkuntzaren diseinuan. Orain arte oso zurruna izan da, goitik etorritakoa, eta uste dugu bai gurasoek bai langileek, baita irakasle eta ikasleek ere hezkuntza hori nola nahi dugun esan behar dugula”, nabarmendu du Gebarak. Zentzu horretan, elkarlanerako deia egin du: “Gure helburua hezkuntza hobea eta eraginkorra izatea da”.
Hurrengo batzar irekia hilaren 20an egingo du dinamikak, 18:00etan, Palmera Monteron. Guraso, irakasle eta hezkuntza komunitatea osatzen duen orori irekia dago deialdia.
Osasun neurriak mantenduko direlako kezka azaldu dute ikastetxeek
Osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan pandemia dela-eta ezarritako protokoloarekin zer gertatuko zain zeuden ikastetxeak. Aldaketak egongo dira, baina batik bat DBH eta Batxilergoko ikasleentzat, kanpoaldean eta gorputz hezkuntzako klasean musukorik gabe egon ahal izango baitute. Lehen Hezkuntzako ikasleak, ordea, ez dira aldaketez gehiegi ohartuko: 6 urtetik gorako haurrek etengabe jantzita eraman beharko dute maskara, baita patioan daudenean edota gorputz hezkuntzako klasean ere. Lehen Hezkuntzan burbuilak mantenduko dira, baina barnealdean bakarrik, eta pertsonen arteko distantzia zertxobait murriztuko da, 1,2 metrora.
Pili Anunzibai Belaskoenea ikastetxeko zuzendaria haserre agertu da gertatzen diren aldaketak ez direlako eskolan antzematen: “Eskolan oso zorrotz jokatzea eskatzen digute, eta horrek talka egiten du umeek egunero bizitzen dutenarekin”. Anunzibaik gogorarazi du umeek kalean ez dutela musukoa jantzi beharrik, baina eskolan bai, eta horrek sekulako desgastea eragiten duelakoan dago: “Konfinamenduan umeak izan ziren azkenak ateratzen, eta orain ere azkenak izango dira”.
Joxemi Zabala Eguzkitzako zuzendaria ere “atsekabetuta” azaldu da neurriak mantendu beharko dituztelako. Hala eta guztiz ere, ikasturtean zehar beste protokolo bat ezartzea espero du aldaketa gehiagorekin, eta batik bat musukoa patioan kentzera bideratuta: “Hori da lehen eskakizuna, eta gero joango gara beste batzuk egiten”.
Hezkuntza Plazarak ez du neurrien aldaketen ondoren hausnarketa egin ahal izan, baina Xabi Zabalak “koherentzia falta” sumatu du: “Sentsazioa da eskolako hesitik barrura dagoena, kaleko guztitik aparte dagoela”.