Balaztaren ustez Portuko mugikortasun proposamena "kontraesankorra" da
Udalak aurkeztutako proiektu pilotuaren neurriek, Balaztaren arabera, "ez dute bizikletaren erabilera sustatzen" eta "txirrindulariak desanimatzen" dituela adierazi dute.
Balazta elkarteak harridura adierazi du udalak aurreko astean aurkeztu zuen, eta gero bertan behera utzi zuen mugikortasun proiektu pilotuaren gainean. Portua programa aurkezteko era “traketsa” izan zela uste dute, adostasuna lortzen saiatu zirelako, baina “harreman zuzena” duten alderdiei erakutsi gabe.
Udalak plana atzera botatzearen erabakiak “ahulezia itxura” erakusten duela, eta mugikortasun iraunkorra zer den “oso argi” ez dutenaren irudia izatea leporatu die elkarteak. Izan ere, plana garatzeko metodologian desberdintasunak ikusi dituzte aurreko astean aurkeztu zen Kostako errepidearen proiektuarekin alderatuz, eta prozesuan herritarren parte hartzeak duen garrantzia nabarmendu dute.
Proposamenari dagokionez, bizikleta galtzadatik zirkulatzera behartzea bi aldeetan aparkalekuak dituzten kale estuetan barna, “txirrindularien segurtasuna zalantzan” jartzen duela salatu dute. Gainera, Butroi pasealekutik bizikletak ibiltzea debekatzea “kontraesankorra” dela adierazi du Balaztak: “Neurri horrek ez duelako bizikletaren erabilera sustatzen, mugikortasun berriak eskatzen duen bezala, baizik eta, alderantziz, txirrindularia desanimatzen du”.
Ideiak emate aldera, eredu gisa jarri dute Hendaiako pasabidea, oinezkoek eta txirrindulariek erabil dezaketelako, nahiz eta lehenengoek lehentasuna eduki eta zirkulazio abiadura mugatuta egon.
Mugikortasun iraunkorraren afera azaleratzea “mugikortasuna lehentasunezko gai gisa” jartzea izan dela diote txirrindulariek, teoria izatetik, proiektua aplikatzeko pausua eman delako, eta hortaz, herritarrengan eragina duelako.
Azaroaren 3an abiatuko den Mugikortasun Mahaian parte hartzera eta ekarpenak adostasunez egitera gonbidatu dituzte herritarrak. “Txirrindularien segurtasuna defendatuz eta bizikletaren erabilera sustatuz”, bertan egongo direla adierazi dute Balaztakoek.