Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izena eman daiteke
Ikasturtea hasi da Udal Euskaltegian, eta honekin batera, mintzalaguna programan izena emateko epea zabaldu dute gaur.
Udal Euskaltegian hasi da ikasturtea eta izen emate kanpainaren balantzea egin du Euskararen ordezkaria den Miren Etxebestek. Ildo honetan, 2021/2022 ikasturtean hamalau talde sortu eta 125 ikaslek izena eman dutela eman du jakitera.
Euskara ikasteko erabakia herritar gehiagok hartu dutela baieztatu du Etxebestek, eta bereziki langabetuei zuzendutako LanNahi programan egon dela gorakada nabarmendu du: “Doako ikastaroak dira eta hori oso garrantzitsua da, langabeek edo ehuneko berrogeita hamarretik beherako lanaldia duen edozeinek ikas dezakeelako euskara gure Euskaltegian, gaitasun ekonomikoa edozein dela ere”.
Mintzalaguna berriz bueltan
Mintzalaguna egitasmoa laster hasiko da ere, eta matrikulazio kanpaina gaur (urriak 13) hasi da eta hilaren 20 arte dago izen emateko aukera. B1 maila edo gehiago duten ikasleei zuzendutako programa da, euskaraz hitz egiteko helburuarekin. Horretarako, euskal hiztun batez eta ikasten dabiltzanez osatutako 4 edo 5 laguneko taldeak sortzen dira eta astean behin elkartzen dira.
Udal Euskaltegiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, udalaren orrialdera jo daiteke