Gasteizko azken hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu dute
Zantzu guztien arabera, Erika Tavares 37 urteko emakumea erail zuen haren senarrak, ondoren bere buruaz beste egiteko; herritar talde batek Martxoak 8 plazan kontzentratzera deitu du.
Gasteizen atzo gertatutako hilketa matxista salatzera deitu du herritar talde batek, sare sozialen bitartez zabaldu denez. Martxoak 8 plazan kontzentratuko dira, 19:00etan.
Erika Tavares 37 urteko emakumea da eraildakoa. Ertzaintzak zabaldu duenez, zantzu guztien arabera, senarrak hil zuen Tavares, ondoren bere buruaz beste egiteko. Bikotearen 17 eta 13 urteko semeek aurkitu zuten bikotea eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten goizeko 07:15ean. Banatze prozesuan zegoen bikotea. 2003. urtetik 112 emakume erail ditu matxismoak Euskal Herrian.