Pandemiaz eta herri mugimenduez ariko da Raul Zibechi ostegunean
"Tiempos de colapso, los pueblos en movimiento" iaz argitaratutako liburua aurkeztuko du ostegun honetan Raul Zibechi idazle eta kazetariak. Liburuan, pandemia eta kapitalismoaren aurka borroka egiteko herri mugimenduei buruz mintzatu da.
Erletxeak Tiempos de colapso, los pueblos en movimiento liburuaren aurkezpena antolatu du ostegunerako (urriak 14) 19:30ean Kabigorri Ateneoan. Bertan izango da Raul Zibechi uruguaitarra, lanaren egile den kazetaria.
Brasil, Mexiko, Kolonbia, Argentina, Grezia edota Espainiako hainbat komunitatetako pertsonen ahotsak bildu ditu Zibechik lan horretan. Pandemiak, eta kapitalismoak era berean, nola gainditzen dituen azaleratu nahi izan du.
Zibechik urte luze daramatza Latinoamerikako mugimendu sozialak aztertzen, eta kazetari gisa ere ibilbide oparoa izan du. Adibidez, Egin edota Mate amargo egunkarietan idatzi du. Horretaz gain, Jose Marti saria irabazi zuen 2001ean, abenduaren 19 eta 20ko Argentinako matxinaden inguruko analisiagatik.
Gaur egun, Paraguaiko laborarien, Argentinako hirietako mugimenduen, Bolivia, Peru, Kolonbia eta Wallmapuko indigenen herri mugimenduen ezagutzaren hedapenean eta formakuntzan aritzen da.