Ikastetxeetan ere jasangarritasuna bultzatzeko eskaintza egin du Txinzerrek
Aurtengo berritasun nagusia Garapen Jasangarrirako Helburuen tailerra eta iaz estreinatutako Escape Halla izango dira.
Elatzetako LH6ko ikasle talde bat konpostagailuaren inguruan dabiltza, Txinzerreko gidaren laguntzarekin. Ikasleetako bat konposta nahasten ari da, kiribildutako nahasgailuarekin, aurretik tenperatura neurtzen ibili dira. Bien bitartean konpostean ikusi dituzten zomorroak gogoratu dituzte: armiarmak, zizareak… Horiek guztiek laguntzen dute materia organikoa konpost bihurtzen. Gidariak galdetu du? ‘Zergatik ditu zuloak konpostagailuak?’. Ikasleak adi daude: ‘Oxigenoa sartzeko’.
Elatzeta ikastetxea Txinzerren Zisare programarekin bat egin duen Irun eta Hondarribiko ikastetxeetako bat da. Marga Zinkunegi ikastetxeko zuzendariaren esanetan, programa horren bidez, konpostatzearen fase guztiak ezagutzeko aukera izan dute ikasleek. Egunero biltzen dituzte hondakinak jangelan eta konpostagailura bota, eta, era berean, gailuaren zaintza eramaten dute. Zinkunegik oso positibotzat jo du esperientzia, materia organikoa bereizi eta konpostaren bidez ongarria sor daitekeela ulertzez gain, gozatu eta ondo pasatzen dutelako. Jasangarritasunaren barruan, beste bi tailer ere egiten dituzte, hondakinen sailkapena eta laborategia.
Tailer horiek guztiak Txinzer Txingudiko Zerbitzuak-ek eskaintzen dituzte. Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak nabarmendu duenez, urtero eskaintza berritzen saiatzen dira, eta ikasturte honetan, COVID-19aren protokoloak malgutuko direnez, presentzialtasuna areagotuko dela azaldu du, nahiz eta oraindik online tailerrak ere eskainiko dituzten.
Ikasturte honetako berritasun nagusia Garapen Jasangarrirako Helburuen tailerra izango da, baita iaz estrenatutako Escape Halla ere. Horiekin gazteen ingurumen osotasuneko arazoak jakin eta zein ekintza txikirekin aurre egin diezaieeken ikastea da helburua, Zubiturren esanetan. Horiek batik bat DBHko bigarren ziklo eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude.
Bestalde, LH eta DBHko gainontzeko mailentzako tailerrak “betikoak” izango dira, ura, energia, hondakin edo hiri garbiketarekin zerikusia dutenak. Horrez gain, datorren urtean Txinzerren instalazioetara bisitak martxan jartzea espero dute, hala nahi duten ikastetxeentzat.
Tailer horien bidez, beren ekintzak eta konpromiso pertsonalek ingurumenenean zein eragin duten hausnartzea eta ulertzea da. “Askotan hitz egiten da ekonomia zirkular edo kontsumo jasangarriaz, baina ez dugu jakiten horien atzean zein ekintza pertsonal egon daitezkeen”, argitu du Zubiturrek.
Azkenik, Irun nahiz Hondarribiko ikastetxe guztiak animatu ditu programan parte hartzera: “Gure eskualdean jasangarritasunari bultzada bat eman nahi badiogu, oso garrantzitsua da txiki-txikitatik hasi behar diegu horretaz hitz egiten”.