Gizon bat atxilotu dute diskoteka batean eraso egiteagatik
Ertzaintzaren arabera, erasotzailea ustez sakelako telefonoa lapurtzen saiatu da biktimari, eta honek kargu hartu ostean, kristalezko botila batekin jo du buruan.
Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du, Irunen, ustez diskoteka batean beste pertsona bati eraso egin ostean. Gertakaria igande goizaldean izan zen, 03:00ak aldera. Ertzaintzaren arabera, jakinarazpen bat jaso zuten Irungo erdiguneko diskoteka batean izandako eraso baten gainean. Bertaratutakoan, gazte bat ikusi zuten buruan zauriak zituela.
Ertzaintzak zehaztu duenez, biktima beste pertsona batekin zegoen diskotekan, eta halako batean ustezko erasotzailea hurbildu eta sakelako telefonoa kentzen saiatu zitzaion. Honek kargu hartu ondoren, baina, erasotzaileak eskuan zeraman kristalezko botilarekin jo zuen buruan. Zauri eta kolpe arinak eragin zizkion.
Biktimak erasotzailea diskoteka barruan identifikatu zuen, eta ertzainek atxilotu egin zuten, lesio delitua leporatuta. Datozen orduetan epailearen esku jarriko dute.
Biktima, berriz, momentuan bertan hartatu zuten osasun zerbitzuek, eta, segidan, Bidasoako Ospitalera eraman zuten.