Bienabe Artiaren lau margolan jaso ditu dohaintzan Irungo Udalak
Bienabe Artia, margolari irundarrak, 1936. urtean errefuxiatuta zegoela sortu zituen lau artelan eman dizkio Arroxelako Denis Robertek udalari.
Bienabe Artia margolari irundarra Frantziako Bourcefranc-le-Chapus herrian errefuxiatuta zegoenean sortutako lau koadro eman ditu dohaintzan Denis Robert arroxelatarrak: “Haren pinturak jaioterriari dohaintzan ematea da logikoena autorearen oroitzapenak bizirik iraungo badu, bertan ezagutzen, estimatzen eta ohoratzen baitute gehien”.
Roberten familiak harreman zuzena izan zuen margolariarekin 1936. urtearen bueltan, eta margolanak urte hartakoak direla azaldu dute. Zehazki, Gregorio Luis de Leoni erretratua, Natura hila, Henri Barbussi erretratua eta Jean Jauresi erretratua dira Irungo Udalaren esku geratu diren artelanak.
Ondarea jasotzera joan ziren Jose Antonio Santano alkatea eta Miguel Angel Paez alkateordea, eta Robert familiaren eskuzabaltasuna eskertu zuten: “Esker oneko hitzak besterik ez ditugu Denisentzat, oso jokaera eskuzabala izan baitu. Bienabe Artia pintore kuttun eta miresgarria da guretzat, eta haren obrak, baliotsuak izateaz gain, garai historiko baten lekuko ere badira. Orduan, irundar askok utzi behar izan zuten hiria; tartean, Bienabe Artiak. Obra hauen bidez egin zioten abegi ona eskertu nahi izan zuen, eta gaur, guk ere eskerrak eman behar ditugu, Robert familiak obra hauek Irunera itzul daitezen nahi izan duelako”.
Orain, koadroak zaharberritzaile baten eskuetan egongo dira udalak iragarri duenez, kontserbazio egoera aztertu eta beharrezkoak diren zaharberritze lanak egiteko helburuarekin.