[Elkarrizketa] "Komikietan lan egiten dugunak kamikazeak garela esan izan didate"
Irungoa izan arren, urteak daramatza Bartzelonan bizitzen, baina Irunera modu batez 'bueltatzeko’ aukera izan du olinpikoentzako oparia izan den kartela diseinatuz.
Nolatan enkargatu zizuten kirolari olinpikoen kartela egiteko proiektua?
Entregatu baino astebete inguru lehenago jaso nuen enkargua. Badut lagun bat Irunen, Dani Ruiz, marrazkilaria bera ere, eta hasieran berarekin jarri ziren harremanetan olinpikoen marrazki bat nahi zutelako cartoon estilokoa. Berak, ordea, ezin zuen lan hori hartu une horretan, eta, azkenean, nire izena eman zien. Urteak daramatzat Bartzelonan bizitzen, eta Irunentzat zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan.
Irudian, hiru kirolari olinpikoak agertzen dira marrazki bizidun moduan: Teresa Errandonea, Julen Aginagalde eta Ander Elosegi. Zure estiloa jarri diozu kartelari, ezta?
Bai. Normalean ez dut erretraturik egiten; alegia, ez ditut pertsonaia errealak marrazten. Enkargu horretan, ordea, hori egin behar nuenez, denbora asko pasatu nuen hiru kirolarien argazkiak ikusten, angelu guztietatik begiratuta, eta nahiz eta nire estiloarekin marraztu, gutxi gorabehera beraiek direla antzematen dela esango nuke. Emaitzarekin gustura geratu naiz; esperientzia aparta izan da.
Nola gauzatu duzu diseinua? Nolakoa izan da prozesua?
Beste aldeak gustatzen zaiola esan arte ez naiz lasai geratzen. Hasteko, zirriborro bat bidali nien, eta asko gustatu zitzaiela esan zidaten. Hasieran, zalantza neukan goialdean zer jarri, Zorionak edo; eta beraiek proposatu zidaten Tokio 2020ko logoa jartzea, eta egia esan, primeran geratu da. Behin bukatuta, asko gustatu zaiela esan didate, eta iritsi zaidanez, baita kirolariei ere: norbaitek idatzi ere egin dit eskerrak emanez. Oso pozik geratu naiz: bat-batean etorri den zerbait izan da, eta ilusio handia egin dit parte hartzeak.
Orain Bartzelonan bizi zara. Nolatan?
Betidanik izan dut marrazketarako gogoa, eta 24 urterekin erabaki nuen marrazkilari izatea. Psikologia egiten ari nintzen, baina ez zen niretzat. Urte horretan bertan Bartzelonara etorri nintzen. Escola Joso deitzen den eta ilustrazio nahiz komikigintzan espezializatutako eskolan hasi nintzen. Artearekin lotutako irakasgaiak izan ditut, baina irakasleak, oro har, komikigintzakoak direnez, hori egin nahi dugunontzat oso toki aproposa da. Lau urteko ikastaroa egin nuen, eta behin bukatuta ez nuen hemendik alde egin nahi: lagunak egiteaz gain, komikigintzarekin lotutako hainbat ekitaldi eta ekintza daude, Bartzelonako Komiki Saloia, esate baterako.
Irunen ere Komiki Saloia egiten genuen bere garaian, 2008-12 inguruan. Poker Face Komiki Elkartearekin elkarlanean antolatzen genuen. Hori izan zen nire abiapuntua komikiaren munduan. Komiki elkarte batean ibili nintzen. Gaztelekuan sortu zen, eta Jorge Madajonek zuzentzen zuen, komikigilea bera. Nik mundu horretan egon nahi nuenez, horregatik etorri nintzen Bartzelonara.
Marrazkigintzan lanean zabiltza?
Marrazkigintzarena nahiko lanbide aldakorra da. Momentu honetan ez nago lanean, baina bi aste baino ez daramatzat horrela. Orain arte, Frantzian publikatuko den komiki bat margotzen aritu naiz, eta, aurretik, Magic Box enpresarentzat egin dut lan, Super Things jostailuak egiten dituen enpresarekin. Youtuben serie bat publikatzen genuen, komiki animatu baten moduan. Aurten, baina, level up bat egin dute; alegia, animazio telesail bat egiteko jauzia eman dute, eta hor bukatu da gure lana. Hiru urtez ibili naiz bertan, oso polita izan da. Egiten duzuna batean eta bestean ikustea oso ederra da. Bestalde, Escola Joson irakasle ordezko bezala lan egiten dut.
Zein proiektu izango da hurrengoa?
Orain denbora eta aurrezki batzuk ditudala, nire proiektu batean ari naiz lanean; komiki bat da. Nire asmoa argitaletxeei aurkeztea da, eta ezezkoa jasotzen badut, nik neuk argitaratuko dut.
Zeri buruzkoa da komikia?
Bi ama eta bi seme-alaba adoptaturen istorioa da, eta horraino irakur dezaket [kar-kar]. Sare sozialetara irudiren bat igo dut, eta pertsonaiak karteleko estilo beretsukoak dira, ez hain errealistak. Otra familia normal da titulua, baina ez da behin betikoa.
Nola hasi duzu proiektua?
Duela urte batzuk hasi nintzen pertsonaia solte batzuk diseinatzen. Istorio txikiak egiten hasi nintzen, denbora-pasa moduan. Azkenean, ordea, forma edo indarra hartzen joan zen. Beste komiki bat egiten ari nintzela, komiki honen gidoia idatzi nuen. Orain denbora dudala, orrialdeen ereduak egiten ari naiz, argitaletxeetara bidaltzeko. Nire asmoa da dosier bat osatu eta argitaletxeetara bidaltzea. Ea zortea dudan.
Nolakoa da marrazkilari baten bizitza?
Oro har, marrazkilari izatea gustatu behar zaizu ordu asko sartu behar izaten direlako, eta askotan ez delako behar adina ordaintzen. Edozein modutan, ez nuke mundu hau utziko, ez nukeelako jakingo hau ez den beste ezer egiten. Nire gorputzak hau egitea eskatzen dit, eta atseden hartu behar dudanean ere marrazkiak egiten jarraitzen dut. Baina bai, mundu nahiko prekarioa da batik bat komikiaren arloan. Ilustrazioan hobeto lan egiten da, eta bideo jokoen munduan, berriz, ongi funtzionatzen duen enpresa batean bazaude, ekonomikoki errazago bizi zaitezke. Bideo jokoetan lan egiten duen lagun batek esan izan dit komikian lan egiten duguna.