Sonia Herce Amuitz merkatarien elkarteko idazkaria zendu da
Huescako Pirinioetan hil da 46 urteko merkataria. Pico Infierno igotzen ari zela 200 metroko altueratik amildu zen errenteriarra atzo.
Sonia Herce Amuitz merkatarien elkarteko idazkaria atzo zendu zen Panticosan, Huescako Pirinioetan. 200 metroko altueratik amildu zen errenteriarra Pico Infierno igotzen ari zela. Zabaldutako informazioaren arabera, igotzen ari zirela paretako harri bat askatu eta horrek eragin zuen merkatariaren erorketa. Guardia Zibilak emakumearen gorpua Jacako gorputegira eraman zuen, eta berekin zen 39 urteko eskalatzaile euskalduna erreskatatu zuen.
46 urte zeuzkan Hercek eta oso ezaguna zen Hondarribiko komertziante eta herritarren artean. Tokiko merkataritzaren defendatzailea, Zaldunbordako outlet herrixka erraldoiaren aurkako borrokan aurpegi ezaguna zen Hercerena. Arropa denda bana zuen Hondarribian eta Errenteria-Oreretan.