Barkhatu
Ez berpizkundeagatik, baina barkatu. Horixe agintzen du tradizio juduak urteko egun seinalatuenerako. Aurtengoan irailaren 15etik 16ra tokatu den Yom Kippur-erako, hain zuzen ere. Barkamen eskaeren eta bekatuen aitortzaren bidez, urtean zehar egindako okerrak zuzentzea, eta hartara, Jainkoarekin berradiskidetzea.
Hamar egun atzera, Urte Berri juduarekin batera, Jehovak pertsona zintzo ororen hurrengo urterako patua idazten du Bizitzaren Liburuan. Baina halabehar hori ez da Yom Kippur arte izenpetzen. Hartara, Urte Berritik Yom Kippur bitarterako egunak gogoetari eta damuari emanak dira, hausnarketa zintzoak Bizitzaren Liburuan hurrengo urterako kapitulu oparoa ekarriko duenaren esperantzan.
Prozesu hori burutzen den eguna da Yom Kippur. Egun potoloa otoitz eta liturgiaz, ez hainbeste jan-edanaz. Ez alferrik, tradizioak 24 orduko baraualdia agintzen baitu, erlijioarekin zerikusirik ez duen israeldar sekular askok ere betetzen duena. Besteak beste, sexu harremanak, norberaren gorputza garbitzea edota perfumatzea, eta larruzko oinetakoak erabiltzea debekatuta ditu fededunak. Erabateko atsedena eta Sabbat egunetako arauak ere indarrean izaten dira. Elektrizitaterik eta autorik ez erabiltzea, adibidez. Hala, bake santua ezartzen da gehiengo judua duen Mendebaldeko Jerusalemen.
Hiri Santuaren gentrifikazioa sustatzen dugun atzerritarrok nolabaiteko zirrara orientalistaz eta sasiespiritualaz bizi dugu egun hori. Zeinen atsegina den erabateko isiltasuna, nola estimatzen den inolako trafikorik eza, zeinen berezia Mendebaldeko Jerusalemen gailentzen den ezerez hori. Hori bai, urtean behin delarik, badaezpada ere.
Esan beharra dagoelako ospakizun horrek egunerokotasunaren etena dakarrela berekin, eta baita zenbait ika-mika ere. Deskuiduan musika altuegi jartzeak, ala eremu publikoan jan-edateak, errieta ekar bailiezaioke sinesgabe galduari. Edota harrikatua izateko arriskua baitu larrialdi-zerbitzuen afixa ez daraman auto gidariak, Hiri Santuaren eta tolerantziaren arteko harreman zimelduaren erakusle.
Hala, zeru-lurren arteko bakearen izenean, Jerusalemgo errepide asko itxi egiten zaizkio trafikoari. Eta hortxe agertzen da, enegarrenez, jerusalemdar batzuen eta besteen arteko zisma. Yom Kippur-ekin inolako zerikusirik ez duten hiritarrei, Jerusalemgo biztanleriaren %40 diren palestinarrei, inposatu egiten baitzaie ospakizun arrotzaren saindutasuna. Zer, eta Ekialdeko Jerusalemgo auzoetako irteerak hesitzen baititu poliziak, gidari palestinarrak ez daitezen bertatik atera eta auzo juduen ingurumarietara hurbildu. Batzuen eguneroko martxak ez dezan besteen Yom Kippur-en santutasun gorena zikindu.
Bistan denez, hamaika buruhauste logistiko eragiten ditu horrek hiriaren ekialdean, eta okupazioak egunerokoan eragiten dituen mugikortasun arazoez gain, zenbait auzo erabat isolatuta gelditzen dira ospakizunak irauten duen 24 ordu horietan. Baina, oroz gain, batzuen zerua besteen lurra baino lehentasunezkoagoa eta legitimoagoa denaren logika perbertsoa gailentzen da.
Norbera bere baitara bildu ordez bestea giltzapetzea. Introspekzio erlijiosoaren izenean hurkoa kaiolatzea. Yom Kippur-en jatorrizko esanahitik urruti daude halakoak, eta ez ditu inongo eskritura santuk babesten. Batzuen kaleetan legendak, besteenetan tapiak. Jerusalemgoa arazo erlijiosoa dela dioten horiei behin eta berriz kontrajarri behar zaiena.