Zinemarako proposamena, armairutik ateratzeko egunean
Hilaren 17an ospatuko da Armairutik Ateratzeko Eguna mundu osoan, eta Irunen, film emanaldi bikoitza izango da, Amaia KZn.
Urriaren 17a Armairutik Ateratzeko Nazioarteko Eguna da, eta Irunen ere keinu egingo diote data horri. Hala, egun horretan bertan, bi film emanaldi izango dira Bizinema Irungo elkartearen laguntzarekin. Batetik, Priscilla, la reina del desierto, eta, bestetik, Una jaula de grillos. Proiekzioa 17:00etan hasiko da, eta sarrera doan da. Aurretik, ordea, gonbidapenak lortu beharko dira, gaurtik aurrera, irun.org-en.
Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak LGTBIQ+ kolektiboaren gainean kontzientzia hartzeko helburuaren barruan kokatu du ekintza hori. Etxebesteren arabera, gero eta gorroto delitu
gehiago gertatzen ari da kolektibo horren aurka, eta kontzientziazioa beharrezkoa da: “Basakeria horren kontra, inoiz baino irmoago aldarrikatu behar dugu gure gizartea askotarikoa dela, badirela maitatzeko eta elkar maitatzeko modu asko, familia mota asko, eta guztiak direla baliozkoak”.
Bi filmek LGTBIQ+ kolektiboak giza eskubideen eta familia aniztasunaren alde daraman borrokaren isla dira. Priscilla la reina del desiertoko protagonistak bi gizon gay eta emakume transexual bat dira. Drag Queen bezala lanean ari dira, eta Australian zehar bidaia bat egiten dute. Bidean jendeak egiten dien harrera mota ezberdinak azaleratuko dira.
Una jaula de grillos, berriz, bi gizonek familia kristau eta tradizional bat osatzen duten planta egingo dute —nahiz eta gay eta juduak izan— gizonetako baten semeak (aurreko harreman heterosexual batetik jaioa) hori egiteko eskatzen dietenean. Semea politikari ultrakontserbadore baten alabarekin ezkontzekoa da, eta plana da egun horretan bere guraso biologikoek esku eskatze ekitaldian parte hartzea. Ama, ordea, ez da ailegatuko, eta aitaren bikotea emakumek jantziko da.
Programa berria ikastetxeetan
Berdintasun Sailak programa pilotu bat martxan jarri du hiriko ikastetxeetan: Aniztasun afektibo-sexuala eta familiarra. LH6ko ikasleekin garatuko dute, urritik abendura bitartean. Helburua aniztasunarekiko errespetua eta gatazken prebentzioa lantzea da.